GARA
DONOSTIA

Ikastolen ustez, Hezkuntza Legeak «euskara gehiago behar du»

EAEko Hezkuntza Legearen eztabaida azken fasean dago, alderdi politikoen ekarpenen ostean. Ikastolen Elkarteak horien gaineko balantzea egin du. Euskararen gaiak kezkatzen du bereziki, atzerapausoak emateko arriskua ikusten duelako.

Ikastolen Elkarteko agerraldi bat.
Ikastolen Elkarteko agerraldi bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ikastolen ustez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan indarrean dagoen Eskola Publikoaren Legearekiko aurrerapauso handia da Hezkuntza Legearen aurreproiektua, aukera esanguratsuak jasotzen ditu, baina gabeziak ere baditu eta motz geratzen da Euskal Hezkuntza Sistema berri baterako bidean.

Eztabaida eta hausnarketa prozesu gorabeheratsua izan da orain artekoa, baina aukera gisa irudikatu du beti Ikastolen Elkarteak, legea helburua baino abiapuntua dela ulertuta. Legearen lanketa honetan, parte-hartze aktiboa izan du, galdu ezin den aukera bat dela konbentzituta dagoelako.

Euskararen gaiak kezkatzen ditu bereziki. «Lege honek euskara gehiago behar du, baina beldur gara, gai honetan aurrera baino atzerapausoak emateko arriskua dagoelako. Eremu honetan hezkuntza eragileok erakutsi dugun adostasunari erreparatzeko eskatzen dugu, eta zalantzari eta atzera egiteko aukerari ateak zabaltzen dizkieten zuzenketak erretiratzeko. Zehaztasun gehiago eta argipen gehiago behar ditu atal honek. Euskararen egoerak hizkuntza politika sendo eta eraginkorrak behar ditu. Jauzia egiteko garaia da», defendatu zuten.

HIZKUNTZA EREDUAK GAINDITU BEHARRA

Azken hamarkadetan eginiko ibilbidearen ondorioak argiak direla ondorioztatu zuten hezkuntza eragile nagusiek: «Hizkuntza ereduek ez dute euskalduntzen, eta horiek gaindituko dituen eredua behar dugu oinarri». Beraz, zentzugabea iruditzen zaie ikastolei horiei eutsi nahi izatea. «Euskal Herriko Ikastoletan murgiltze eredua ezarrita dugu, berau delako ondorengo belaunaldiak euskalduntzeko bidean emaitza onenak ematen dituen eredua. Eta eredu honetara iristeko bidea eta plana zehaztu beharko lituzke lege honek».

Lege aurreproiektuak ez zuen aipatzen eta zuzenketetan ere ez da ageri Euskal Curriculumik. Ikastolen iritziz, ordea, ezin da Hezkuntza Lege bat eraiki Euskal Curriculuma aipatu gabe.

Gobernantza ereduari dagokionez, Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan zehaztapen sakonagoa planteatzen da zuzenketetan, baina nabarmena da publiko-pribatu dikotomia gainditzeko erresistentziak daudela, Ikastolen Elkartearen ustez. Begi onez ikusi dute, berriz, ikastolen eredu kooperatiboa aintzat hartzea eta kooperatiben izaera juridikoa jasotzea.

EUROPA MAILAKO PARTZUERGOA

Euskal Hezkuntza Zerbitzua ematen duten ikastetxeen eta euskara eta euskal kultura partekatzen duten EAEtik kanpoko ikastetxeen arteko harremanak eta lankidetza sustatzea proposatzen duen zuzenketa egokia iruditzen zaie ikastolei, hain zuzen, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duten politikak ahalbidetzeko bidea ireki dezakeelako. Zuzenketa horrek Europa mailako partzuergoa eratzea proposatzen du, eta onartuko balitz, egungo errealitatetik abiatuta, Euskal Herri osoan hezkuntza sistema propioa eraikitzeko aukera izango dela uste dute.

Azkenik, berretsi dute lege-proiektuan segregazioaren aurka egiten den proposamen eta helburuarekin bat datozela eta azpimarratzekoa dela legean aurreikusita egotea hezkuntza komunitatearekin elkarrizketa aktiboko prozesu bat irekitzea eskola-segregazioaren aurkako itun bat lortzeko. Zuzena da ikastolentzat itunpeko ikastetxeen finantzaketa legean agertzen diren baldintzak, printzipioak edo irizpideak betetzeari lotuta dagoela argiago eta irmoago jasotzen duen zuzenketa. Hala ere, ikusi dituzte zenbait zuzenketa-proposamen kontraesankor, hala nola doakotasuna soilik derrigorrezko etapetan sustatzera bideratutakoak.