ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Poemetan, 36ko gerraz geroztiko istorioak bildu ditu Iñaki Irazuk

«Zakur zaunkak» poema liburua kaleratu du Iñaki Irazuk, «ekoizpen soziala» dela badio ere. 20 olerki narratibo dira, 36ko gerratik gaur egunera arteko istorioak kontatzen dituztenak: gerran jipoitutakoen, ume desagertuen eta torturaren ingurukoak, besteak beste.

Iñaki Irazu, «Zakur zaunkak» eskuetan duela, atzo, Donostian.
Iñaki Irazu, «Zakur zaunkak» eskuetan duela, atzo, Donostian. (Iñigo URIZ | FOKU)

36ko gerra abiapuntu hartuta, Euskal Herrian gertaturiko eta pertsona jakin batzuen inguruko istorioak kontatzen ditu, 20 olerkitan, Iñaki Irazuk kaleratu berri duen ‘‘Zakur zaunkak’’ liburuan. Susa argitaletxearen eskutik atera du jendartera eta bere bigarren poema bilduma da.

Atzo Donostian egindako aurkezpenean Leire Lopez Ziluaga editoreak Irazuk idatzitakoaren forma nabarmendu zuen, begi-kolpean atzematen lehenengo gauza dela uste du eta. Poemen lerro gehienak bi kolpetan doazela azaldu zuen, bi hitzek edo, gehienez jota, lauk, osatzen baitituzte.

Horrekin ados agertu zen Iñaki Irazu, «tipi-tapa» bat bezalakoa dela gaineratuz, eta «binarismo» horretan gelditu zen. Poemak irakurtzerakoan «biko hori jarraitu» daitekeela esan zuen, hitz homonimoak bi zentzutan erabiltzen dituelako, zuriaren eta beltzaren arteko harremanagatik edo, izenburuan ikus daitekeen «joko binarioa» dela eta.

Eduki aldetik «hotza» dela uste duen arren, bidezidorrei eta lerro ez zuzenei heldu die autoreak, «abenturarako eta barruan sartzeko dei» bat bezala, bidezidorrak askatu egiten duela defendatzen baitu.

36ko gerrarekin hasten diren narrazioak dira ‘‘Zakur zaunkak’’ liburuak bildutakoak. Bilduma irekitzen duen ‘‘Hanka bat lurrean’’ olerkiak, esate baterako, gerran guardia zibilek jipoitu zutenetik hanka bat lurrean lo egiten duen aitona batez dihardu; ‘‘Demetrio’’, berriz, Ediporen mitoak ezkutuan dakarren «jakitearen arriskuaz» mintzatzen da.

Gogoeta eginez, denborak aurrera egiten duen arren gertatutakoa «ez dela hor geratzen» azpimarratu zuen autoreak. «Lehengoak dirau orainean eta orainak irauten du etorkizunean», esan zuen, Xabier Leteren ‘‘Negu hurbilak’’ poema aipatuz.

Liburuaren izaera narratibora bueltatuz, «gizakiak adierazten dituen istorioak antzekoak» direla esan zuen, eta mito batzuk zenbait kulturatan errepikatzen direla jarri zuen adibide gisa. Poema bilduman kontatzen duenarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela uste du.

Editoreak, bestalde, istorio hauek «kontalari lasaiaren tonua» erabiliz emanda daudela nabarmendu zuen. Oroimen kolektiboan oinarritutako «politikak, gerrak edo izaerak markatutako bizitzen» kontakizunak dira, funtsean, «irakurlea harrapatzen» dutenak.

Azala Alain Urrutiak egindakoa da eta ilunantzean dagoen baso bat irudikatzen du. Iñaki Irazurentzat, «gustukoa baino gehiago» liburuaren edukiarekiko, «barruan agertzen den mamiarekin» duen «konkordantzia», «harmonia» eta «zintzotasuna» da bereiztekoa.