Imanol CARRILLO
ESKUBALOIA

Bera Berak ez dio inolako aukerarik eman eskarmentu gutxi duen Beti Onak-i

Bi taldeen arteko aldea handia da. Nafarrek huts gehiegi egin zituzten eta donostiarrek, Alice Fernandesek lagunduta -17 geldiketa-, ez zuten barkatu.

Maitane Etxeberria, aurrera joan nahian.
Maitane Etxeberria, aurrera joan nahian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Derbi batean askotan esaten da ez dagoela faboritorik, baina egia da Bera Bera zerbaitegatik dela lider, eta zer hori atzo erakutsi zuen. Euren aukerak aprobetxatzeaz gain, aurkarien hutsez baliatzen bikainak izan ziren. Horri, Alice Fernandes atezain brasildarraren egun bikaina gehitzen badiogu -17 geldiketa egin zituen-, garaipena oso erraz lortu zutela esan genezake.

Hasiera-hasieratik ikusi zen bi taldeen arteko aldea. Beti Onak-ek bigarren denboraldia du gorengo mailan eta aurrean ez zuen hala-nolako aurkaria izan. Donostiarren lehenengo bi golak era berean etorri ziren: Alice Fernandesen geldiketa eta hurrengo jokaldian gola; lehenengoa Maitane Etxeberriarena eta bigarrena Elke Karstenena.

Hala, ziztu bizian 4-0 aurreratu ziren etxekoak. Hemen dator partidako beste gako bat: Atarrabiakoek ezin izan zuten seigarren minutura arte lehenengo gola egin. Ordurako beranduegi zen jada. Izan ere, Fernandesek bere erakustaldiarekin jarraitu zuen eta Imanol Alvarezen aldaketek beste puntutxo bat eman zioten Bera Berari lehenengo zatiaren erdialdetik aurrera.

Erauskinek hegaletik jaurti zituen bost jaurtiketak sartu zituen, eta Marianne Fernandesek bere indarra eta golak sartzeko ahalmena praktikan jarri zituen. Hori bai, Patricia Encinasek sekulako geldiketa egin zion Maitane Etxeberriari, baina argi zegoen atzokoan nafarrek ezin zutela askoz gauza gehiago egin aurrean zuten aurkarien aurka, eta atsedenaldira 21-11 joan ziren.

AURKARI HANDIEGIA

Bigarren zatian gutxi aldatu ziren gauzak. Kasualitatez -edo ez-, nafarrek beste 11 gol sartzea lortu zuten, lehen zatian bezala. Kopuru eskasa Bera Bera bezalako aurkari baten aurka. Gainera, lau minutu eta erdi behar izan zituzten lehen gola egiteko, baina ordurako, Tchaptchet-ek bere talde ohiaren aurka lehen gola eginda zuen eta .atezainek erakustaldiarekin jarraitu bazuten ere, Super Amara Bera Berak lider izaten jarraituko du eta Replasa Beti Onakek gogor lanean segitu beharko du, orain arte bezala baina gauzak finduz.