IKER GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Elkarrizketa
SARA ZOZAYA
Musikaria

«Sara txiki hori, ume txiki hori, esentzian ni naizena, bilatzen ari naiz»

Lekuz kanpo harrapatu gintuen ‘‘Caravan’’ eta ‘‘Maitia’’ singleekin Sara Zozayak (Donostia, 1995) ‘‘Nara’’ diskoa kaleratu behar zuela iragarri zigunean. Pop ohikoagora bideratutako kantuak eskaini zituen orduan, baina lanak mamia asko du. Intimismoa, post-rocka eta geruza askotan murgiltzeko bidaia eskaintzen du, baita norberaren barne geruzetan ere.

(ARRIGURI)

 

Kaixo, Sara. Nola zaude?

Ondo, sentsazio asko batera ditut orain. Single bat ateratzea eta disko bat ateratzea ez direlako gauza bera. Intentsoa izaten ari da.

Badirudi denbora asko daramazula musika egiten, baina lehendabiziko lan luzea da hau, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Nik ere sentsazio bera dut. Bai, bi EP kaleratu ditut, baina orain bai, eta artista bezala, niretzat, lehen pausoa da hau, garrantzitsua benetan.

Diskoan bidaide Antton Goikoetxea eta Asier Renteria izan dituzu, kolaborazio gehiago ere bai. Baina, has gaitezen diskoa irekitzen duen kantutik, ‘‘Caravan’’-etik. Ezustean harrapatu gintuzun, folk-pop kantu bat delako.

Oso era desberdinean sortua da. Sunbillako baserrian eta inprobisazio baten ostean sortu zen hau, modu oso erlaxatuan. Kantua akustikoan egina nuen, gitarrarekin, demo moduan. Bada, gero, bandara eraman genuen eta oso modu inprobisatuan hau sortu zen, eta freskotasuna ematen dio normalean eskaintzen dudan dentsitate guzti horretan.

Baina ez diozu uko egiten ahotsaren zure trataera berezi horri, espazio zabalak hartzeari… Ekoizpen lan handia dago disko honen atzean ere.

Bai, guztiz. Oso prozesu luzea izan da eta kantu bakoitza estilistikoki norantz zihoan erabaki behar genuen. Orain egina dago, baina atzera begira jartzen naiz prozesu guztia nolakoa izan den ikusteko, eta, uf, momentu zailak egon dira. Abesti bakoitza modu askotara sortu daiteke, pop abesti bat edo elektronika abesti bat sortu daiteke eta hor nire hautua egin behar izan dut ekoizlearekin, kasu honetan Jon Aguirrezabalaga ‘‘Zabala’’-rekin, eta konfiantza osoa eman diot berari bere senari jarraitu eta kantu bakoitza lotzen joan zedin.

Bost urteko Sararekiko nostalgia dago ‘‘Caravan’’ honetan. Batetik, zu zaude, baina kanpineko bi ume ere aipatzen dituzu.

Bai, abesti hau oso uda hasieran edo uda bukaeran kokatzen da nire buruan. Beti kanpinetara joaten ginen karabana txiki batekin; hori zen niretzat oporretara joatea. Abesti hau entzutean kotxe barruan oporretan zoazela edota oporretatik zatozela sentiarazi nahi nuen. Bideoan agertzen da karabana; familiako bi umek erabiltzen dute egun gurea zen karabana hori. Hala ere, gaia da handitzen goazen heinean erlazioak bukatu egiten direla edo gutxitu egiten direla, eta bakardade horri buruz hitz egiten du.

Bakardadearen kontzeptua asko ikusten dut ‘‘Lo’’ abestian; hori bai, bakardadean bizitzen ikasi duen norbaiten bizipenak nabari dira, hortik ere gauza positiboak ateratzen ikasi duen norbaitenak.

Bai, eta kontestua jakitean hobeto ulertzen da. Konfinamendu hasieran idatzi nuen; une hartan ez genuen ez leiho normalik, ez eta balkoirik ere, sabai-leihoak zituen atiko batean bizi ginen. Nahikoa isolazio literala zen eta egun osoa sabai-leiho horretatik zerura begira pasatzen nuen; horregatik «ate bat zeru honetan» diot abestian. Baina inora ez zihoan atea zen, ezin genuelako inora joan. Baina mezua ez da negatiboa kantu honetan.

Post-rockero samarra da ‘‘Parece’’; hemen argi dago nor den kolaboratzen duena, tronpeta jotzen duen moduagatik, Amorante. Zuretzat ispilua izango zen bakarlari gisa hasi zinenean, ezta?

Guztiz. Bai, gainera egon zen une gako bat, “Bidegurutzean” saioan, Belako, Amorante eta hirurok izan ginena, eta bertan ezagutu nuen pertsonalki. Oso polita izan zen, artista bakoitzak bestearen bertsioa egiten zuelako. Nire kasuan ‘‘Lili’’ kantua bertsionatu genuen eta sekulako oparia izan zen. Hor txundituta geratu nintzen Amoranteren egiteko moduaz, flipatu egin nuen instrumentuak nola erabiltzen zituen. Hortaz, abesti honetan halako soinu bat ikusten nuen eta Amorante zen horretarako egokiena.

Horrelako kantuak zuzenekoetara eramateko, zuk ere gitarra zintzilikatuko duzu, ezta?

Bai, hori gertatzen da kantuak zuzenekoetara eramaten dituzunean. Geruza guztiak ezin dira eraman zuzenekoetara, baina ongi dago geruza gutxiago eramatea eta bakoitzak bere tokia izatea. Ez dugu nahi diskoa zuzenekoetan erreplikatu; hortaz, gure buruari baimendu diogu lasaiago hartzea eta zuzenekoetan diskoa ez erreplikatzea. Presioa kendu eta abesti bakoitzari zuzenean bere musikalitatea ematea, bere inperfekzio eta sentsibilitatearekin; hori da helburua.

Maite duzun hori identitate krisi bat bizitzen ari den unearen inguruan ari zara abesten Bengorekin egin duzun ‘‘Maitia’’-n? Edota norbera ispilu aurrean jarrita ikusten dugun maiteari buruz ari zara?

Esaten dudanean ez zait askorik gustatzen, kontzeptu unibertsala delako, baina maitasuna zer den konturatu nintzen egunaren inguruko abesti bat da. Buenos Airestik hegaldi batean nentorren eta hegazkinetan letra asko eta kontzeptu asko idazten ditut; mundua geratzen den espazio modukoak dira hegazkinak niretzat eta inspirazioa etengabe datorkidan tokiak dira. Bada, une horretan etorri zitzaidan bai kontzeptua eta bai letra ere. Obsesionatuta gaude maitasuna laranja erdia dela edota maitasun erromantikoa dela, mobida guzti hori, baina maitasuna da niretzat nola hitz egiten diozun ondoan duzun ezezagunari, besterik gabe. Eta kontzeptu horretatik hausnartu dezakegu gure erlazio bakoitza nola kokatzen dugun.

Lehen singlea, ‘‘Misty’’, diskoan A aldea itxiko duena da. Kantu oso intimoa, barrura begirakoa; ez dakit barruan krak bat-edo izan zenuen, ahotsaren trataeran ere apurtu egiten delako.

Bai, pixka bat bai. Izan da akaso kantu bat idazterakoan bizi izan dudan prozesurik deserosoena. Bai edo bai sartu nahi nuen diskoan. Pianoan eseri, mugikorra grabatzen jarri, jotzen hasi eta kantua bukatu nuen momentu batean, baina letrarik ez zeukan. Kantua diskora zihoanez, letra sortzerakoan sekulako presio eta estresa izan nituen. Ez dakit horregatik zen edo ez, baina esaten nuen guztia oso gordina zen. Norabait kotxez joaten nintzen eta bi esaldi idazten nituen, handik beste norabait eta beste bi esaldi… baina dena oso bortitz eta gordina zen, eta horrela geratu zen. Kantuak duen garapena behetik hasi eta katarsi horretara doa eta letra ere bide horretatik doa. Nire bizitzako pasarte traumatiko eta erabakigarri batzuk kontatzen ditut.

Dena dela, Misty nor den kontatu behar diguzula uste dut.

Misty nire bizitzako pasarte bat da. Nahiko txikia nintzela Ingalaterrara joan nintzen eta bertako familia batekin bizi behar izan nuen astebete edo bi astez. Bertan txakur bat zuten, nire salbatzailea izan zena, familia horretan jendea ez zegoelako oso ondo. Hortaz, nire toki segurua Misty txakurra zen, nire salbazioa izan zen une horretan.

“Nara’’, diskoari izena ematen dion kantua; iruditeria osoa sortu duzue honekin. Ume baten izena etortzen zait, Sararen «alter ego»-a ote den ere bai… Zer da Nara?

Kantua entzuten ari nintzela, oso ongi azaltzen du zer den Nara eta diskoaren kontzeptua bera ere bai. Sara txiki hori, ume txiki hori, esentzian ni naizena, bakoitza garena, bilatzen ari naiz. Uste dut bakoitzak baduela ume txiki hori bere baitan eta bizitzan aurrera egiten dugun heinean geruza bat sortzen duena gure gorputzean, emozioetan eta ariman oro har, geroz eta zailagoa dena berreskuratzeko, ume txiki hori daramana. Nara da geruza hori sumatzen hasi naizen une hori, non nire buruari esaten diodan ez naizela Sara, Nara naizela, Sara eta bere bizipen guztiak, alegia. Bilaketa horri egiten diot erreferentzia, nire esentziara itzularazten nauena.

Uda pasatuta, azaroaren 2an Bilboko Kafe Antzokian eta azaroaren 4an Donostiako Dabadaban izango dira lehenengo aurkezpen kontzertuak. Plaza garrantzitsuak, ziur, zuretzat.

Bai, guztiz. Egun horiek iristea nahi dut, baina baita pasatzea ere; gogotsu eta urduri nago. Lehendabiziko kontzertuak dira eta sekulako gogoa dut zuzenekoen mugimendu horretan hasteko, baina lasai eta disfrutatzen. Egia da sekulako gogoa dudala, baina aspalditik lehen aldia da. Madrilen, Bartzelonan, Lazkaon eta Gasteizen ere izango gara.