Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

«Ogro Operazioa» eta «Txikia»ren biografia ekarri ditu Iñaki Egañak liburu banatan

Ogro Operazioaren eta Eustakio Mendizabal “Txikia”-ren historia aski ezagunak datu eta izen berriekin jantzita berreskuratu ditu Iñaki Egañak Txalapartarekin ondutako liburu banatan, euskaraz eta gaztelaniaz.

Iñaki Egaña idazlea, formatu txikian plazaratu dituen bi liburuekin.
Iñaki Egaña idazlea, formatu txikian plazaratu dituen bi liburuekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Ogro Operazioa. Ekintza eta mitoaren eraikuntza” eta “Txikia. Ur handiak ereiten” saiakerak argitara eman ditu Iñaki Egañak (Donostia, 1958), lan biak gaztelerazko eta euskarazko edizioetan, euskarara Markel Lizasoainek itzulita.

Gai ezagunak ikuspegi berriarekin jantzita dakartza oraingoan idazle donostiarrak, efemeride konpartitu baten kariaz gaur egunera ekarriz: abenduan 50 urte beteko dira Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernu frankistako presidentea hil zenetik, ETAren Txikia komandoak haren autoa 35 metro aireratu zuenean. Mende erdia bete da, halaber, Poliziak Eustakio Mendizabal “Txikia” tiroz akabatu zuela. 1973 ilun eta biziaz ari gara.

«Garai bateko isla dira biak; egun, paradigmak. Eta, denborarekin, paradigmak mito bihurtu ditugu», adierazi zuen Egañak atzo Donostian eskaini duen prentsaurrekoan.

Paradigma izan zen ETAren “Ogro Operazioa”, Carrero Blancorekin amaitu zuen tiranizidioak «irauli» egin zuelako garai hartako gizartea eta «oposizioan zeuden taldeen indarra berritu» zuelako, zehaztu zuen idazleak.

“Txikia” komandoaren “Ogro Operazioak”, berez, aurretik ere bazuen liburua, Eva Forestek zuzendutako talde batek egina. Hortik abiatu da Egaña, ez historia berridazteko, agertu zuenez, baizik kokatzeko. Izan ere, Foresten liburua Blancoren kontrako atentatua egin eta hilabete gutxira idatzi zen, Donibane Lohizunen. Komandoko hiru kideak ezkutuan zebiltzan eta, «normala denez», esan zuen egileak, “Operación Ogro. Cómo y por qué ejecutamos a Carrero Blanco” kontakizunak «despistatzeko» zenbait detaile jasotzen ditu, egia ez zirenak, «nahita» Egañaren ustez, atentatuaren arduradunak babeste aldera.

Orain, 50 urteren ostean, «‘Operación Ogro’ liburuan azaltzen ez diren pasarte batzuk kontatzeko garaia da», esan zuen egileak. Hala, idazle donostiarraren liburuak egitateak berreraikiko ditu, tiranizidioaren mitoa sakon aztertu, eta «izen berriak» argitara ekarri. «Bada izen bat, orduan garrantzia handia zuena eta gaur arte inon azaldu ez zena», aurreratu zuen.

«TXIKIA» ETA «MAGMA»

“Txikia. Ur handiak ereiten” saiakeran Eustakio Mendizabal itsasondoarraren bizitza errepasatuko du Euskal Memoria fundazioko presidenteak. Eta, ezinbestean, erreparatuko dio garai hartan Euskal Herrian zegoen «magmari», giroari. Egañaren ustez, 1960ko hamarkadan «bigarren udaberria» piztu zen gurean -Bigarren Errepublika espainolaren garaian izan zen lehenengoa, zehaztu duenez-: sortu zen ETA erakundea, zabaldu ziren ikastolak, biderkatu ziren euskal musikariak, idazleak... «Eztanda izugarria izan zen», aipatu zuen Egañak.

“Txikia”-ren biografiaren aitzakian, «ereite garaia» bizi zuen belaunaldi baten erradiografia egiten du Iñaki Egañak saiakeran.

GARA eta NAIZeko kolaboratzaileak gaineratu zuenez, Mendizabalek bazuen obsesio bat: teoria praxira eramatea. Eta horrek sartu zuen ETAn militatzera. Horrek eramango zuen Carrero Blancoren kontra egiteko plan bat pentsatzera, hasieran presidentea bahitzeko, azkenean akabatzeko.

Plan hori prestatzeko bildu zen zenbait kiderekin, haien artean Jose Manuel Pagoaga “Peixoto”-rekin. Poliziek Algortan topatu zituzten, eta “Peixoto”-k ihes egitea lortu zuen, “Txikia”-k ez. Tiroz hil zuten 1973ko apirilaren 19an.

Horrek bihurtu zuen mito; «mitoa etxean eta mitoa kanpoan», idazleak agertu moduan.

BILDUMA BERRIA

Iñaki Egañak ondutako bi lanekin Txalapartak bilduma berri bati ekin dio. Iragan hurbileko gertakari eta pertsonaia ezagunekin liburu labur eta dinamikoak jasotzeko asmoa du bilduma honek, «gure herriaren historiako mugarri garrantzitsuak irakurle berriei edo ezagutzak eguneratu nahi dituztenei gerturatzea helburu», Ane Eslava Txalapartako editoreak azaldu bezala.