Manex ALTUNA
BILBO
ATHLETIC

Pogacarren fisiologoak Lezamako Errendimendu Saila zuzenduko du

Iñigo San Millan arabarra 1971n jaio zen Guardian, eta azken lau urteetan UAE Team Emirates txirrindularitza taldearentzat lan egin du.

Iñigo San Millan fisiologo arabarra.
Iñigo San Millan fisiologo arabarra. (@ATHLETICCLUB)

Iñigo San Millan, Athleticen Errendimendu Handiko departamentuko arduradun nagusia izango dela iragarri zuen atzo klub zuri-gorriak. Arabako Guardia herrian sortu zen, eta nazioarteko erreferentzia da kirol errendimenduari aplikatutako zientziaren arloan.

1971n jaioa, 25 urte baino gehiagoko esperientzia du Tadej Pogacar esloveniarra bezalako kirolariei aholkuak ematen, eta Real Madrileko beheko kategorietan ere aritu zen. UAE Team Emirates taldearentzat lan egin du azken lau urteetan, eta, Athleticek baieztatu duenez, esloveniarrarekin eta beste txirrindulari batzuekin lankidetzan jarraituko du.

Aldi berean, maiatzera arte, talde zuri-gorriko kargu berria Coloradoko Unibertsitateko irakaskuntzarekin bateratuko du. San Millan asteazken honetan lanean hasiko da Lezaman, eta Jon Larruskain izango du alboan, klubean lur hartzen laguntzeko. Arabako fisiologoa bost arlo nagusik osatutako sail baten buru izango da, eta elkarrekin koordinatuta lan egingo dute. Josean Lekuek zuzentzen ditu zerbitzu medikoak, Aitor Ugartek prestakuntza fisikoaren arloa, Eduardo Morellok psikologia, Toscana Viarrek nutrizioa eta Imanol Martinek kirolari aplikatutako zientziak.

San Millan kontratatu ondoren, Jon Uriarteren zuzendaritzak organigrama berria osatu du Lezaman. Kirol arloko arduradun nagusia Mikel Gonzalez da, eta Sergio Navarro, berriz, harrobiaren arduraduna. Udan Victor Moreno ere heldu zen, jokalarien garapenaz eta lagapenez arduratzeko.

DE LUIS ETA AGIRREZABALA

Athletic Valentziaren kontrako igandeko partida prestatzen hasi zen. Jon de Luis defentsa izan zen entrenamenduko albisteetako bat. Hogei urteko erdiko atzelariak lehen taldearekin entrenatu zuen. 1,86 metro neurtzen du nafarrak, eta ezkertia da. Bigarren RFEF mailako liderra den Bilbao Athleticen partida guztietan parte hartu du eta baloia atzetik jokatzen ateratzeko gaitasuna erakutsi du. Berbintzanakoa da De Luis. Osasunaren hirugarren taldetik iritsi zen talde zuri-gorrira, 2026ra arteko kontratua sinaturik. Hamar urtez aritu zen Taxoaren.

Bestalde, Yeray, Yuri eta Herrera min hartuta daude. Mikel Vesgak, ordea, taldekideekin batera burutu zuen lan saioa. Entrenamendu ostean, Athleticek mediku txosten bat helarazi zuen, Julen Agirrezabalak min hartu zuela esanez. Atezain gazteak zauri handi bat egin du aurpegian, kolpe bat jaso ondoren.

Bigarren taldeko Alex Padillak lehen taldearekin entrenatuko du, Agirrezabala osatu arte. Atezain gipuzkoarrak ez du minuturik jokatu aurtengo Ligan, eta hurrengo astean Kopako partidan jokatzeko aukera izan zezakeen. Ikusteko dago Kataluniako Rubi taldearen kontrako norgehiagokarako prest egongo den.