Asier ROBLES
BILBO

Burujabetzaren prozesuan bidea egiteko deia zabaldu du Gure Eskuk

«Abagune politiko interesgarria» bizi dugula kontuan hartuz, harremanak estutu eta burujabetzaren prozesuan bidea egiteko ahaleginak indartuko ditu Gure Eskuk hurrengo hilabeteetan.

Mikel Etxaburu hizketan, Gure Eskuren atzoko agerraldian.
Mikel Etxaburu hizketan, Gure Eskuren atzoko agerraldian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Burujabetza prozesu bat eztabaidatzeko eta adosteko garaia da. Herritarrak inplikatuz, eragile politiko, sozial eta kulturalak elkartzeko unea da, sinergiak sortu eta herri gisa ekiteko momentua», adierazi zuen Gure Eskuko bozeramaile Josu Etxaburuk atzo, Bilboko Euskalduna zubiaren azpian egindako agerraldian.

Horrekin, erabakitze eskubidearen aldeko herri dinamikak argi utzi nahi izan zuen datozen hilabeteetan «harremanak estutu eta burujabetzaren prozesuan bidea egiteko» lanean jarriko dela buru-belarri, eta herritarrei dei egin zien prozesuan parte hartzera, «herri erronkatzat» hartuta.

Gure Eskuk orain 10 urte hasi zuen bere ibilbidea. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen aldeko bide horretan, «harremanak eraikitzen, kateak lotzen, adostasunak josten eta ekintzak antolatzen» ibili dira hainbat ekimenen bidez.

Izan ere, azken hilabeteetan Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela zabaldu dute lau haizeetara. Horretarako baliatu dute Frantziako Tourrak eta La Vueltak euskal lurraldeak zeharkatzen zituztela, eta bertan euskal ikurrak zabaldu dituzte, ikurrina eta nafar banderen uholdeak sortuz.

«BURUJABE EZ DEN HERRIA, HERRI ZAPALDUA IZANGO DA BETI»

Erabakitze eskubidea izatearen garrantzia azpimarratu zuen Etxaburuk: «Burujabe ez den herria, herri zapaldua izango da beti». Horren adibidetzat jarri zuen «egunotan euskal jendartea erakusten ari den egonezina eta datozen hilabetean azaleratuko diren beharrak». Horregatik, azaroaren 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen, «euskararen aurkako eraso, mespretxu edo irainak salatzeko».

«Gure Herria, Euskal Herria, ez da herria euskararik gabe, eta honekiko oldarraldiak onartezinak dira. Euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntz politika erabakitzea dagokigu euskal herritarrei. Gure hizkuntza eskubideak ezin dira egon euskal gizartearen borondatearekin bat ez datorren sistema judizial baten mende», argitu zuen.

Bide beretik, «mugimendu feministarekin bat eginez», azaroaren 30ean greba feminista orokorrean parte hartzeko deia ere egin zuen: «Euskal Herriarentzat aurrera eraman nahi dugun zaintza eredua sortzea oztopatzen digu burujabetza faltak».

Mobilizazio horietaz gain, Gure Eskuren ustez, «abagune politiko interesgarria bizi dugu subiranotasunaren auziari konponbideak bilatzeko». «Gaia agenda politikoan dago lurralde eremu ezberdinetan, eta duen garrantzia eman behar diogu: Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente dago gaia, Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesuan ere, baita Euskal EIkargoaren etorkizuna definitzeko prozesuan ere», azaldu zuen Etxaburuk.

Horregatik, etorkizuneko erronkei begira, Gure Esku datozen urteetarako plangintza aztertzen ari da, eta ezinbestean bere barruan hartuko ditu ohikoak diren bi bideak: ildo ahalduntzailea eta ildo mobilizatzailea: «Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egiten jarraituko dugu, denon beharra baita. Euskal Herriak, herri gisa beharrezkoa du burujabetza; beraz, har dezagun etorkizunaren lema, elkar gaitezen eta egin dezagun bidea», adierazi zuen.