GARA
DONOSTIA
ARRASATEKO EMAKUME TXOKOAK HOGEI URTE

Arrasateko Emakume Txokoa: zerotik sortu eta eredua biderkatu

Aurten hogei urte bete ditu Arrasateko Emakume Txokoak. Ermukoarekin batera, Euskal Herrian sortu zen lehenengo emakumeen txokoa da Debagoieneko herri honetakoa, eta ibilbide luzean herria feminismoz eragitea lortu du. Egun hauetan “Nahinoranahi” jardunaldi feministak egiten ari dira, urteurrena ospatzeko.

Arrasateko Emakume Txokoaren 2013ko irudia, hamargarren urteurrenekoa.
Arrasateko Emakume Txokoaren 2013ko irudia, hamargarren urteurrenekoa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hogeigarren urteurrena ospatzen ari da egunotan Arrasateko Emakume Txokoa. «Amets» batetik sortu zen proiektu honetatik «milaka» emakume pasatu dira azken bi hamarkadetan, eta lagundu du herria berdinzaleago, feministago bilakatzen, Maite Barreña Arrasateko Udaleko Berdintasun teknikariaren arabera. Txoko honen ibilbidea errepasatu zuen joan den urriaren 3an NAIZ Irratian.

Aitzindaria da Debagoieneko espazio hau, Euskal Herrian lehenengo emakumeen etxea izan baitzen sortzen, Ermukoarekin batera, 2003an. Askok zorotzat hartu zuten ideia honi bultza egin zioten mugimendu feministak eta udaletako berdintasun teknikariek, eta, Ermuko eta Arrasateko garaiko udal gobernuaren babesarekin, proiektuak martxan jarri zituzten. Herri bakoitzak berea egin zuen, baina etengabeko elkarrizketan.

Aitzindaria izateagatik, zerotik abiatu behar izan zuten Arrasaten. Euskal Herrian soilik ez, Estatu espainolean ere ez zen halako proiekturik existitzen artean, Barreñaren esanetan. «Ez geneukan nora begiratzeko ispilurik», oroitu zuen Berdintasun teknikariak, NAIZ Irratiko Sara Iriarte kazetariarekin egindako elkarrizketan. Ez zen erraza izan, beraz, baina egin zuten. «Momentuan zorotzat hartzen gintuzten batzuek, zertan ari ginen esaten zuten; bada, ausardia horrekin asmatu genuela demostratu dezakegu gaur egun, milaka izan baitira Arrasateko Emakumeen Txokotik pasatu diren emakumeak», ospatu zuen Barreñak.

Amets zoro hura abiatzeko lanak areago zaildu zituen orduko Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrerak. Aldundiak, Emakundek bezala, iritzi zuen Emakume Txokoa sortzeko proiektuak ez zuela laguntza publikoak jasotzeko beste interesik, eta ez zioten diru partidarik eman Udalari. «Gaur, Emakundek eta Gipuzkoako Aldundiak, goraipatu egiten dituzte honelako proiektuak, eta, ez hori bakarrik, berdintasun politikak abian jartzeko tresna garrantzitsutzat ditu», zehaztu zuen Barreñak.

Ez da iraganarekin herratsu, hala ere, Arrasateko Udaleko Berdintasun teknikaria. «Horrela gertatzen dira eraldaketak -baietsi zuen-. Batzuen amets eta proiektuetan sinistu, haiengatik borrokatu eta, denborarekin, eredu bilakatzen dira. Orain eredua dira Arrasateko Emakumeen Txokoa eta Ermuko Emakumeen Etxea».

«LORTU DUGU»

2003an, Arrasateko Emakume Txokoa sortzen lan egin zutenek ezin zuten irudikatu gaur egun Euskal Herrian emakumeen txokoak irabazi duten presentzia eta garrantzia. Zoroak eta txikiak izatetik agente politiko esanguratsuak izatera iritsi dira emakumeen txokoak euskal herrietan eta hirietan, Arrasaten ere bai. «Sortu ginenean, eta hau askotan pasatzen da, jendeak susmoa zuen emakumeen txokoak ez ote ziren izango gizonen kontra ari diren emakumeentzat. Bada, denborarekin demostratu da kapazak garela urtero-urtero jendarte osoari begirako eskaintzak egiteko. Badira eskaintza batzuk emakumeei zuzenduak, beste batzuk publiko zabalarentzat, beste batzuk gazte eta nerabeentzat», adierazi zuen Barreñak.

Zeren, «emakumeentzat espazio libre eta segurua» eskaintzeaz gain, Arrasateko Emakume Txokoak «etengabe» interpelatzen ditu herritarrak. «Udal zerbitzua den aldetik, udaleko politika publikoari eragin nahi dio», zehaztu zuen teknikariak.

Eta txoko honek lortu du eragitea, bi norabidetan gainera. Batetik, norbanakoengan. «Emakume askok esan digute beraien bizitzaren planteamendua aldarazi diela Emakume Txokoak, barrura zein kanpora begira», kontatu zuen Barreñak. Bestetik, herrian: «Lortu dugu administrazio publiko batek ardura hartzea, proiektu hau aurrekontuz hornitzea, langilez osatzea, eraldaketa sozial bat bultzatuko duen zerbitzu publiko bat bultzatzea. Eta Emakume Txokoak lagundu du feminismoa zer den argitzen, jendarte osoari onurak ekartzen dizkion planteamendu ideologiko bat dela zabaltzen».

«Horren guztiaren ostean, esaten duzu, ‘lortu dugu’», berretsi zuen Barreñak.

TXOKOAK EDUKIZ BETE

Emakumeen etxe bat, Arrasateko udal taldeko kidearen ustez, edukiz bete behar da. «Edozein espazio fisikori emakumeen etxea deitzearekin tentuz ibili behar dugu. Hau ez da espazio fisiko bat non tailer bat edo beste egiten diren. Emakumeen txokoak hori baino gehiago dira: feminismoa zabaltzeko, egonkortzeko, debatitzeko, konpartitzeko... espazio seguruak dira», esplikatu zuen.

Hala, garrantzitsua deritzo halako proiektuek ituak zehaztea, «etengabe ikuspegiak eta proposamenak luzatzeko anbizioz»: «Uste dugu gure lana ez dela aisialdia betetzea, baizik hona etortzen diren emakumeekin feminismoan sakontzea eta horrek herrian inpaktua izatea. Herriak aldatzen dira pertsonak aldatzen direnean, eta aldaketa pertsonal horretatik eraldaketa kolektibora pasatzen garenean. Pentsatu nahi dut Arrasate gaur dena, besteak beste, badela neurri batean hogei urtez Emakume Txokotik egindako hainbat ekarpeni esker».

JARDUNALDI FEMINISTAK

Ospatzeko motiboak baditu Arrasateko Emakume Txokoak, hogei urte beteta. Urteurrena kari, “Nahinoranahi” jardunaldi feministak hasi zituzten atzo, eta gaurko eguna ere horretan emango dute. Hitzaldiak, mahai inguruak, solasaldiak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte.

Jardunaldien helburua, proiektuaren arduradunek azaldu zutenez, Emakume Txokoaren urteurrenaren «lorpen esanguratsua» ospatzea da, baita «genero berdintasunaren bidean dauden erronkei eta lorpenei buruz hausnartzea» ere.

Gaur, justizia feministari eskainiko diote lehenengo mahai ingurua, 9.30ean, eta tailer batzuk egingo dituzte ondoren: haurtzaroaren kontrako sexu indarkeriaren bueltakoa, indarkeria matxistaren aurkako protokoloei buruzkoa, eta zaintzaren ingurukoa.

Bazkalostean (17.00etan), halaber, politikagintza instituzionalean feminismotik eragiteko dauden aukeren inguruan hausnartuko dute. Amaitzeko, nola bestela, festa.