Alaia SIERRA
EKONOMIALARI EUSKALDUNEN BILTZARRA

Hazkunde demografikoarekin, burujabetza ekonomikoa

Populazioaren aldaketak ekonomian duen eraginaz aritu da Igor Etxabe demografian aditua, Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean. Euskal Herriaren bilakaera historikoaren azterketa egin ondoren, irakaspenak eta etorkizunari begira dauden aukerei buruz hausnartu du.

Demografiak ekonomian duen eraginaz aritu zen Etxabe biltzarrean.
Demografiak ekonomian duen eraginaz aritu zen Etxabe biltzarrean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gaur egun 3,2 milioi biztanle pasatxo gara Euskal Herrian eta, hazteko joerak jarraituko balu, laster 5 milioi izango ginateke. Naturaren baliabideak, baina, direnak dira eta ezin dira handitu. Beraz, ba al gaude burujabetza ekonomikorantz begira jartzeko unean?

Gogoeta hori mahai gainean ezarri zuen atzo Igor Etxabe EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasleak Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarrean, Gasteizen.

‘Euskal Herriko bilakaera demografikoaren epe luzeko azterketa: irakaspenak eta etorkizunari buruzko azterketa’ izenburupean hitzaldia eskaini zien ekonomialariei, egindako ikerketa lana aurkeztuz. Une oro, demografiak ekonomian duen «izugarrizko ekarpena» nabarmendu zuen giza multzoak aztertzen dituen zientzian aditua den irakasle honek.

1880-TIK

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako datu demografikoak bildu ditu Igor Etxabek, bilakaera historikoa aztertzeko. 1880. urtetik udalerriz udalerriko informazioa lortu du, banaketa administratiboak iturri askotan arakatzera behartu badu ere.

Bilakaera historikoaz nabarmendu zuen joan den mendean bereziki Bizkaiak eta Gipuzkoak izandako hazkundea, gaur egun Lapurdin, Araban eta Nafarroan ikus daitekeena. Aldaketa hau «deigarritzat» jo zuen.

Gaurko egoerari erreparatuz, batetik, hiriguneetan -batik bat Bilbo Handian eta Gasteizen- hazi den dentsitatea, Baiona-Angelu-Biarritzen, esate baterako, bestelakoa dena, eta, bestetik, Hego Euskal Herrian elkarbizitza unitate bakoitzeko jende kopuruaren murrizketa aipatu zituen.

ERREKURTSO MUGATUAK

Informazio hau izanda, etorkizunari begira jarri zen Igor Etxabe. Populazioaren hazkundea konstantea balitz, gaur egungo 3 milioi biztanletik 5 milioi lagunera heldu gintezkeela ohartarazi zuen. Horrek naturaren baliabideak finitoak diren egitatearekin talka egiten du: «Ezin dugu hazkunde demografiko betiereko batekin jarraitu, baliabide naturalak ez ditugulako esponentzialki hazi», azaldu zuen.

Burujabetza iradoki zuen hizlariak. «Ariketa ona iruditzen zait Euskal Herria uharte bat balitz bezala irudikatzea», esan zuen, bizitza on bat izateko moduan baliabideak antolatzeko era bat bilatzeko abiapuntu gisa.

Populazioari buruzko «neurri batzuk» hartzearen alde ere agertu zen, jaiotzei, heriotzei eta migrazioei dagokienez. Jaiotzen inguruan, gaur egun «ugari» diren «pronatalisten» diskurtsoa aipatu zuen, eta gurasotasuna aukera ala eskubidea ote den pentsatzeko beharraz aritu zen.

Heriotzaren kasuan, zahartzea «egitate bat» dela baieztatu zuen, eta adineko pertsonak «deabrutu» gabe, egiten duten ekarpena aitortzen baitu, zahartzerakoan bizitza «duina eta kalitatezkoa» izatearen alde agertu zen.

Migrazioei heltzeko beharraz ere solastatu sen. Euskal Herrira etortzeko edo alde egiteko arrazoi ekonomikoei, toki bakoitzak eskaintzen dituen lan baldintzei eta «izan ditugun eta gaur ere ditugun praktika inperialistei» erreparatzeko beharra aipatu zuen. Ikuspegi inperialistaren harira, «turismoa arautzen hasteko garaia heldu zaigula» irmoki adierazi zuen.

ONDORIOAK

Beraz, zer egin daiteke? Igor Etxabek ondorioztatu duenez, populazioaren eta baliabide naturalen arteko oreka eraginkortasunez kudeatu behar da. Azaldu zuenez, «emaitza berdinak bitarteko gutxiagorekin» lortzeko moduak bilatu behar dira, «ahal dela Euskal Herriko baliabideekin».

Honekin batera, «kontsumo basatitik ihes egitea» premiazkotzat jo zuen, baita «demografiari lotutako mitoak haustea» ere, demografiak eta ekonomiak duten harreman estua nabarmenduz.