Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Jarraipena

Adania Shibli idazle palestinarraren “Tafsil Tanawi” (Detaile txiki bat, 2017) nobelan bi hari narratibo uztartzen dira. Lehenak 1949ko udara garamatza, Nakba jazo eta urtebetera, eta benetako gertaera bat du oinarri. Israeldar soldaduek Negeb desertuaren hego-mendebaldean kanpalekua jartzen dute, Israel eta Egipto arteko muga babesteko eta inguruan geratzen diren arabiarrak (gehienak hil edo ihes egitera behartu dituzte etengabeko bonbardaketen bidez) kanporatzeko. Egun batean, beduino talde batekin topo egin eta tiroz hiltzen dituzte, emakume gazte bat izan ezik. Kanpamentura eraman eta txandaka bortxatu ondoren, hil eta bere gorpua harean lurperatzen dute. Bigarren harian, orainaldian, Ramallahko emakume bat letra larriz idatzitako historian detaile txiki bat baino ez den 1949ko gertaerarekin obsesionatzen da. Hasieran kointzidentzia hutsal batek pizten du krimenarekiko duen interesa; emakumearen hilketa bere urtebetetze egunean gertatu zen, bera jaio baino 25 urte lehenago. Gertaturikoa ikertzen hasten denean, ordea, iraganaren eta orainaren arteko lotura okupaziopean bizi diren palestinarren bizipenak berak direla ohartzen da. Gaurko indarkeria atzoko indarkeriaren jarraipena da.

“Tafsil Tanawi” nobelagatik Frankfurteko Liburu Azokak Shibliri eman behar zion saria bertan behera utzi dute antolatzaileek. Idazle eta artista palestinarren kontra azken bi asteetan jazotako zentsura kasuetako bat da.