Jon GARMENDIA
Idazlea

Lekukoa

Nahasmenaren bihotzean, minaren oihuak armen oihartzunekin nahasten diren lekuan, begirada irmoa duen pertsona bat dago. Gerra-kazetaria da, iluntasunetik ateratzen diren izugarrikeria eta miserien lekuko isila. Idazluma du arma, ordenagailua nahi bada, baina gerra horretan bere hitzak dira egiaz betetako bala bakarrak. Lehen lerroetan kokatzen da, arriskuei aurre egin eta bizitza arriskuan jarriz, zalaparta eta hondakinen azpian dauden istorioak plazaratzeko. Ez da gertakari eta zifretara mugatzen, gatazkan harrapatuta dauden pertsonen hausturetan sakontzen du. Beldurrak sumatzen dituen gisa berean entzuten ditu desirak; gerraren hondamendiak isilarazitakoei ahotsa eskaintzen die. Esperantza izpi bat darama bere baitan, bere hitzek kontzientziak astindu eta aldaketak bultza ditzakete. Badaki bere jarduna ezinbestekoa dela, badakielako egia dela gerraren lehen biktima. Gatazkaren ke ilunen atzean ezkutatzen diren gezurrak, manipulazioak eta injustiziak salatzen ditu. Zentsoreei aurre egiten die, boteretsuei maskara erantzi, eta zapalkuntzaren aurka dago. Baina kemen honen gibelean, bere lanbidearen orbainak sentitzen ditu, erreportaje bakoitzak aztarna ezabaezina uzten dio; eta, halere, borrokan jarraitzen du. Argiak iluntasunean duen indarrean sinetsiz, historiaren lekukoa da, memoriaren zaindaria, errugabeen sakrifizioa eta sufrimendua ahaztu ez dadin. Horregatik dago, adibidez, Pablo Gonzalez Yagüe ia bi urtez kartzela zuloan sartuta. Askatasuna.