«Hesirik ez dago, baina joan-etorriak batzuentzat ez dira libre»
Eskualdeko alkate guztiek aspaldi eskatua zioten frantziar Gobernuari Irun eta Hendaia arteko Etorbidea zubia ireki zezala. Behin hori gauzatuta, NAIZ Irratiaren set-ean izan ziren erabakia aztertzen Jose Antonio Santano, Irungo alkatea, Aitor Elexpuru, Berakoa, eta Igor Enparan, Hondarribikoa. «Bazen garaia» esanez agurtu zuten elkar zubiaren erdialdean atzo goizean.
NAIZ Irratian, bat etorri ziren hiru alkateak «albiste ona» dela irekiera, nahiz eta poza ez zen erabatekoa zubiaren Lapurdiko aldean «oraindik furgoneta txuri hori» zegoela ikusita.
«Beste aldean furgoneta txuria egoteak badakigu zer esan nahi duen, baina balioan jartzekoa da hesiak desagertzea», adierazi zuen Enparanek. Hori dela-eta, «albiste pozgarria» dela adierazi arren, «oraindik erronkak» badaudela nabarmendu zuen Hondarribiko alkateak.
Antzeko hitzekin jardun zen atzoko egunaz Irungo alkate Jose Antonio Santano, poza erabatekoa ez dela onartu arren, fokua hesien desagerpenean jarrita. «Zoritxarrez, Frantziako aldean kontrolak egiten jarraituko dute, baina gaur albistea da zubia ireki dela», adierazi zuen NAIZ Irratiko mikrofonoetan.
Berako alkateak, berriz, «enpatia ariketa» bat egin zuen atzo, Ibardin «militarizatuta» eta Lizuniaga itxita egon direla gogora ekarriz. «Furgoneta txuri horri» so eginez, zapore «gazi-gozoa» duela onartu zuen Aitor Elexpuruk ere. «Kontrolak hor jarraitzen du. Joan-etorriak batzuentzat ez dira libre», salatu zuen udalburuak.
Irungo alkatearen iritziz, «Frantziaren migrazio politika» dago afera honen guztiaren oinarrian. Horren aurrean, «Europak migrazio politika bakarra» behar duela aldarrikatu zuen berak, baina ez zen baikor agertu. «Badirudi gaur egun hori ez dela posible», esan zuen.
IBARDINEKO MUGA MUGIKORRA
Ia hiru urtez luzatu da muga- zubi honen itxiera eta, honek inguruan izan duen eragin ekonomikoaz galdetuta, batzuek «asko» sufritu dutela esan zuen Enparanek. Muga inguruan enpresa handi zein txikiak ikus daitezke. Ficoba handitik okindegi txikietaraino. «Batzuek zein besteek muga itxita egon den denbora honetan asko sufritu dute».
Hala ere, oztopatu nahi izan dena migratzaileentzako pasabidea dela adierazi zuen. «Zentzugabekeria bat izan da eta kalte eragin batzuk izan ditu, nahiz eta eremu txiki batean izan, gidarientzat pasabidea irekita zegoelako».
Elexpuruk, berriz, gogora ekarri zuen pandemia hasieran Berako herriak, eta bereziki Ibardineko lepoak, bizi izan zuen egoera, Guardia Zibilak muga zehazki non zegoen ez zekienean. «Guardia Zibila joan zen muga ixtera eta ez zekien non itxi. Mugako komertzioan Iparraldekoak dira bezeroak eta agenteak non jartzen ziren arabera, Iparraldekoak irits zitezkeen edo ez». Gerora militarrek itxi zuten muga eta Ibardin «herri-mamu bihurtu zen».
50 URTE ADUANARIK GABE
Mugako herriek beti dute historia bizia, mugimendu handikoa. Euskal Herriaren kasuan ere hala da. Duela mende erdi arte aduanek markatzen zituzten Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko mugak.
Joan-etorri ugari ditu gogoan Enparanek. «Pasatzen ginenean, bai oinez bai kotxez, geratu egin behar ginen. NANa edo pasaportea eskatzen ziguten. Lanera jende asko ere mugitzen zen. ‘¿Algo para declarar?’ esaldi famatua dut gogoan. Ia beti egongo zen, baina beti esaten genuen ezetz. Zeinen arrotza zen pasabide hau. Izan ere, herri bat gara, lotura asko izan ditugu».
1973an desagertu ziren aduana horiek. Kasu batzuetan azpiegitura fisikoak ere desagertu ziren eta, beste batzuetan, aldiz, erabilera hobeak eman zaizkie, Lizuniagako lepoan dagoena kasu. «Lepoa pasata zegoen orduko aduana hori orain musika taldeek erabiltzen dute entseguetarako», kontatu zuen Elexpuruk.
Musika onuradun izanagatik ere, Berako alkateak onartu zuen garaian denak ez zirela ados egon aduanak kentzeko erabaki horrekin. «Bera mugako komertziotik bizi izan da. Kontrabandotik ere bai. Mugak kenduta kezka zegoen nola joango zen ekonomikoki. Bazen kontrako jendea, lehen bezala jarraitu nahi zutenak». Hala ere, «ongi joan da», itxi zuen afera.