GARA
GASTEIZ

Bigarren gradu erregresioak Subijana espetxera itzularazi du

Juan Karlos Subijana preso gasteiztarrak Basauriko espetxera itzuli behar izan du, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, bigarren aldiz jada, Fiskaltzak hirugarren gradua emateko erabakiaren aurka jarritako helegitea aintzat hartu eta gero.

Subijanaren askatasunaren aldeko mobilizazioa.
Subijanaren askatasunaren aldeko mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

Sarek ohar bidez ezagutarazi zuen atzo, Auzitegi Nazional espainolaren Espetxe Zaintzako Epategi Zentralak Juan Karlos Subijana Izquierdo gasteiztarra Basauriko kartzelara itzularazi duela, bigarrengoz, hirugarren gradua emateko ebazpenaren aurka Fiskaltzak aurkeztutako helegitea dela eta. Iragan otsailean ezarri zioten lehen gradu erregresioa arabarrari.

«Beste behin ere -azaldu zuen Sarek- Auzitegi Nazionalak atzera bota du Basauriko Tratamendu Batzordearen proposamena; izan ere, batzorde horrek du horretarako behar den erantzukizuna eta informazioa, eta, ondoren Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua ematearen erabakia. Baina esan bezala, berriz ere, espetxe ibilbidea, etxerako bidea eta birsozializaziorantz aurrera egiteko aukera oztopatu ditu Auzitegi Nazionalak, kasu honetan Juan Karlos Subijanari».

Hemeretzi urte eta erdi igaro dira jada Subijana espetxeratu zutela eta, Lakuaren ebazpenean jasotako mediku txostenetan adierazten denez, «larria» da arabarraren osasun egoera.

Sarek nabarmendu zuen «patologia larri» horietan oinarrituta erabaki zuela Justizia Sailak hirugarren gradua ematea, «kontrol telematikoarekin eta etxean geratuta».

Madrildik iritsitako albiste honen aurrean «atsekabea eta haserrea» adierazi zuen Sare Herritarrak: «Salbuespeneko auzitegiek oraindik ere oztopatzen dute presoek etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea».

MOBILIZAZIOA ASTEAZKENEAN

Lege arruntari ere aipamena egin zioten, berriro gogoraraziz bertan ez dela esaten presoek «azken egunera arte» zigorra espetxe barruan bete behar dutenik eta badaudela aplika daitezkeen beste bide batzuk, esaterako hirugarren graduan edo baldintzapeko askatasunean; «are gehiago kasu honetan, presoak duen osasun egoera kontuan hartuta».

«Ulergaitza egiten zaigu, gainera, Fiskaltzaren helegitearen epaia jaso arte espetxera bueltatu behar izatea», adierazi zuen Sarek. Nolanahi ere, argi utzi zuten «elkarbizitzari ateak irekitzen» jarraituko dutela. Halatan, heldu den azaroaren 8an, arratsaldeko 19.00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egin zuen Sarek.