GARA
GAZA

Tortura psikologikoak eta janari falta, gazatarren gatibualdian

Irudian, Gazara itzuli ondoren albisteek hunkituta utzi zituzten bi langile.
Irudian, Gazara itzuli ondoren albisteek hunkituta utzi zituzten bi langile. (Said KHATIB | AFP)

Hamasek urriaren 7an ezusteko erasoa abiatu zuenetik atxilotuta egon diren milaka langile gazatar Gazara itzuli zituen atzo Israelek. Efe berri agentziari adierazi ziotenez, janari falta eta tortura psikologikoak jasan dituzte gatibu egon diren egunetan.

Langile gazatarrek ziurtatu zuten orotara 20 egun baino gehiago egon zirela atxilotuta, eta kontatu zuten gauetan kartzelariek lankideak eramaten zituztela, eta, ondoren, ez zituztela ziega berera itzultzen. Txakurrak erabiliz mehatxatu zituztela gaineratu zuten, Hamaseko kide izatea leporatzen zieten bitartean. Beste batzuek ziurtatu zutenez, hamar lagunentzat ogi zati bat eta marmelada ontzi bat besterik ez zien ematen.

Efe agentziak kontsultatutako gehienek ez zekiten zer gertatzen ari zen Gazan. Dirua eta telefonoak kendu zizkieten, eta, beraz, Rafahko pasabidera iritsi bezain laster, askok sakelako telefono bat bilatu zuten bere familiak ondo zeuden jakiteko.

Gazako 18.500 pertsona inguruk Israelen lan egiteko baimena zuten, baina Tel Avivek bertan behera utzi zituen urriaren 7ko gertakarien ondoren. Milaka batzuk Zisjordaniara bidali zituzten eta, GKEen arabera, 4.000 palestinar atxilotu zituzten segurtasun indarrek.

Orain arte Israelek ez du informazio zehatzik eman, eta ez du ezagutarazi zenbat langile itzuli dituzten Gazara. Informazio bakarra Segurtasun Kabinetearen ohar labur batek eman zuen: «Israelek Gazarekin harreman guztiak moztuko ditu. Ez da Gazako langile palestinar gehiago egongo. Langileak itzuli egingo dituzte».

NBEk, bestalde, adierazi zuen harrituta dagoela Israelgo Gobernuak milaka gazatar horiek bonbardaketen eta lurreko eraso militar baten ondorioz setiatuta dagoen eremura itzultzeko hartutako erabakiarekin.