Amagoia MUJIKA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

alkaizak lortu du finalerako lehen txartel zuzena

Egungo txapelduna da Saioa Alkaiza eta, berak aitortu duenez, txapela zementuzkoa bihurtu zaio txapelketa honetan. Atzo Altsasun jokatutako lehen finalaurrekoan ez zen pauso lasai-lasaian aritu. Baina badaki hitzari distira eta argudioei punta ateratzen. Finalaurrekoa irabazi zuen eta beretzat da abenduaren 2ko finalerako lehen txartela.

Ezker eskuin, Saioa Alkaiza eta Saats Karasatorre, atzoko saioko bi lehenak.
Ezker eskuin, Saioa Alkaiza eta Saats Karasatorre, atzoko saioko bi lehenak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Altsasuko Iortia kulturgunean jokatu zen atzo Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa. Bilboko hitzordua eta Palestina oso presente zeudela, 250 bertsozalek jantzi zuten plaza. Azkenean, Saioa Alkaizak bildu zituen puntu gehien eta bera da lehen finalista. Hain justu Alkaiza da egungo txapelduna, eta, lehen agurrean aitortu zuenez, txapelketa zementuzkoa bihurtu zaio eta zama sentitu du txapelketan zehar. Atzoko saioan ez zen lasai-lasai aritu, igarri zitzaion presioa, baina azkenean lortu zuen bere bertsokera zorroztu eta lehen tokia lortzea. Puntuazioa entzutean ederki sumatu zitzaion nolako lasaitua hartu zuen. Ea finalera pisua erantzita joatea lortzen duen.

Zortziko nagusian Saats Karasatorrerekin egokitu zen. Bilboko manifestaziotik bueltan, autobusean, kokatu zituen gai-jartzaileak. Alkaizak hiru arrazoi sendo josi zituen: «ta orain bueltan segi lanean euskara mintzatu ahoz/ euskal hiztuna euskal herrian ez dadin sentitu arrotz»; «ados aldatu behar gara gu, baina legea da liskar/ ardura ezin baitugu utzi norbanakoaren bizkar»; «gurpil gainean ez doa euskara ta galdetzea erraza/ Bilbon bidea hasi dugu ta zein da hurrengo urratsa».

Karasatorrek ere asmatu zuen gaiari punta ateratzen. «Bide onetik ote goazen ez dut ikusten seguru/ autobus hontan euskaldunak e erdaraz entzun ditugu», bota zuen adibidez.

Sarai Robles izan zen hirugarrena, Karasatorren puntuetatik oso gertu. Oso saio erregularra osatu zuen, zortziko nagusian oso goitik hasi zen eta gainontzeko ariketetan ere fin. Hamarreko txikian, adibidez, bikain aritu zen Ekhiñe Zapiainekin elkarlanean. Gurasoak biak, seme-alabak etxetik aspaldi joanak diren arren, arropa zikina garbitzera etxera ekartzen segitzen dute. Saraik guraso babeslearen papera bikain josi zuen; «guk labadoratxo bat jartzearen truke/ astero bisita bat egiten badute», bota zuen bigarrenean. Eta errematea, «baina pagaren gisan zirenean nerabe / nik garbituko diet zuri esan gabe».

Ekhiñek ere ederki eutsi zion ariketa honetan. Orokorrean oso saio ona egin zuen Zapiainek, fresko, argi, zorrotz. Eta ganbarakoan perla ederrak utzi zituen.

Hauxe zuten ganbarako ariketarako gaia: Zure parekoaren begietan gaur zoriona sumatu duzu. Ekhiñek bizitzaren parte bat elkarrekin egin duen bikotea aurkeztu zigun. Azkenean, beren arteko korapiloaz hitz egin dute. Hauxe, hirugarrena: «Nahiz izan garen hainbat urtetan gu elkarren babeseko/ nahiz ta txakur bat hartu genuen ta orain daukagun etxeko/ korapiloa askatze hori ez dugu izan kalteko/ nahiz hasieran gaia atera ta nintzen beldurrez lepo/ zorion ona konpartitua daukat zerorren antzeko/ nirekin ongi bizi zaitezke baina ni gabe hobeto».

Puntutan Zapiainen aurretik geratu zen Eneko Fernandez, txapelketan eskarmentu handia duena. Atzo, txapelketaz agurtu zen amaieran. Eta sailkapenean azkena Patxi Castillo, plaza gozatzea lortu zuena. Hurrena, Agoitz.