GARA
BAIONA

Gazako sarraskia gelditzeko, martxa jendetsua Baionan

«SOS Gaza» osatu zuten manifestariek hizki erraldoiekin, atzo Baionan.
«SOS Gaza» osatu zuten manifestariek hizki erraldoiekin, atzo Baionan. (Guillaume FAUVEAU)

Gernika-Palestina dinamikak zabalduriko bidetik, “Gazako sarraskia gelditu. Konponbidea eta bakea Palestinarentzat” lelopean manifestazioa egin zuten atzo Baionan ehunka eta ehunka herritarrek, Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek deituta. Iragan urriaren 7tik Gazan hildakoak ia 9.500era iritsi direla jakinarazi zuen bertako Osasun Ministerioak, eta zifra goiti doa, 2.000 lagun baitaude desagertuta, kasik erdiak haurrak. Hondamendi horren aitzinean, «jendarte zibileko kide garen heinean, ezin dugu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu», azaldu zuten Euskaldunen Plazatik abiatu zen martxaren antolatzaileek.

Manifestariek su etenaren aldeko oihu artean igaro zuten Jacques Portes plaza. Merkatu plazara iristear, “Palestina askatu” leloa ozen entzun zen. Herriko Etxean amaitu zen euri zaparradek bustitako martxa.

Johanne Foirien laborariak eta Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko buruak irakurri zuten agiria. Mobilizazioek ez dute etenik. Astearterako, Gernika-Palestinak mobilizazio eguna antolatu du Euskal Herriko herri guztietan.