GARA
DONOSTIA

Lapurtarrek pairatutako sorgin ehizei buruzko komikia, formatu handian

Gregorio Muro ‘‘Harriet’’ eta Daniel Redondok orain lau hamarkada sortutako komikia da ‘‘Sorgin seinalea’’, Lapurdiko sorgin ehizak hizpide dituena. Biñetekin erakusketa osatu berri dute.

Gregorio Muro «Harriet» eta Daniel Redondo.
Gregorio Muro «Harriet» eta Daniel Redondo. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako 34. Beldurrezko eta Fantasiazko Zinema Astearen karietara, ‘‘Sorgin seinalea’’ erakusketa ikusgai dago Gipuzkoako hiriburuko Liburutegi Nagusian (Alderdi Eder). Bertan, orain lau hamarkada Gregorio Muro ‘‘Harriet’’ komikigileak eta Daniel Redondo ilustratzaileak sortutako izen bereko komikiaren binetak formatu handian erakutsi dituzte. Azaroaren 18ra arte Donostian egongo da erakusketa, eta ondoren Irunera aldatuko dute, Carlos Blanco Aguinaga Kultur Gunera, azaroaren 23tik abenduaren 12ra bitarte.

Bilduma lau albumek osatzen dute. Argia ikusi zuten 1984 eta 1990 urteen artean, eta berrargitalpen bat ere izan zen 2017an.

Kontakizunak XVII. mendera eramaten du ikuslea, Lapurdira, hango emakumeek pairatu zituzten sorgin ehizen lekukoa izateko.

Narrazioa 1611. urtean abiatzen da zehazki, Elvira de Goitieri sorginkeria leporatzen diotenean: «Lancreko jaun Pierre de Rosteguyren aurrean aurkeztua izatera eramaten dute. Despota horrek lurraldea kontrolatzen du, eta era guztietako krudelkeriak egiten ditu bertako biztanleen aurka», azaldu zuten erakusketaren aurkezpenean. «Askatasuna lortzeko emakumezko pertsonaia honek egindako borroka» islatzen duela nabarmendu zuten, «gizonek erabat menderatutako mundu baten erdian».

Erakusketarako «komikiko sekuentzia txundigarrienak» hautatu dituztela esan zuen erakusketaren apailatzaile Jorge Madejonek. 32 irudi paratu dituzte, horietatik 28 komikien barneko orrialdeetakoak, eta lau, azalenak. Izan ere, Estatu frantsesean argitaratutako azal batzuk ere berreskuratu dituzte, eta horiek ere ikusgai jarri dituzte.