Mikel IBARGUREN
Idazlea
JOPUNTUA

Nor gara gu, zer gara gu…

Beti eskamak kentzen ari diren euskotarrak gara gu, abesti herrikoiak dioen bezala. Euskara putzu sakon eta ilun bat zen ere Urkoren hitzetan, noizbait itsas urdin eta zabal bat izateko asmoz, baina euskararen aurkako oldarraldiak erakusten digu euskararen normalizazioaren zutabeak oso ahulak direla. Togaz jantzitako mailudunen azken erasoek helburu argia dute: gazteleraren nagusitasuna bermatzea. Hemen castellanoa da konstituzionala, hizkuntza ofiziala, ikasi eta erabili beharrekoa; gainerakoak, euskarak eta halakoak, koofizial (edo subofizial?) direnak, erabil daitezke «en sus respectivas Comunidades Autonomas». Gazteleraren baimenarekin betiere.

Espainiaren batasun-zatiezintasunaren kontzeptu mito-patologikoak, Joxe Azurmendiri ikasi bezala, Jainko bat, Errege bat, Lege bat eta Hizkuntza bat du oinarri. Nebrijak ere idatzita utzi zuen gaztelera zela «una lengua de alcance universal» eta beti inperioari itsatsita egongo zela. Euskaraz hitz egitea normaltasun horren aurka egitea da, euskaradunok berehala egiten dugu talka «háblame en cristiano» edo «en erderas, por favor» edo «ici on est en France» eta antzekoekin. Unamuno inkisidore linguistikoaren egungo jarraitzaileek euskara hil nahi dute, hizkuntza minorizatuak ez digu balio, enbarazu egiten du eta lurperatu egin behar da.

Egia da. Inork ez zigun esan euskaldun izatea zein nekeza den, Ruper Ordorikari kasu egin eta hobe genuke munduko hiritar izatea. «Herria da gorputza, hizkuntza bihotza», zioen Xalbadorrek, euskarak lurralde bat behar baitu. Euskarak egiten gaitu, euskara gara. Nafarroako euskarafoboek ongi dakite hori. Euskaraz hitz egitea inoiz baino iraultzaileago bihurtu da egunotan. Bagaren edo ez garen esateko modu erradikala bihurtu da, halako eguneroko autodeterminazio ariketa bat, kontzientzia azterketa bat, erresistentzia gauzatzeko deiadar bat.

Ikusitakoak ikusita, nago galdera sinple bati erantzun beharra tokatzen zaigula guztioi. Noiz arte jarraitu behar dugu ibiltzen moroak bezala behe laino artean? Erantzuna geure baitan dago.