GARA
DONOSTIA

Tutoretzapean dauden adin txikikoentzat «osaba-izebak» bilatzen ari da Izeba programa

«Izeba-osabak» lortzeko kanpaina.
«Izeba-osabak» lortzeko kanpaina. (GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Izeba programaren barruan 20 familia berri gehitu nahi dituzte Baketik Fundazioak eta Gipuzkoako Aldundiak. «8-17 urte bitarteko haur eta nerabeentzako osaba-izebak behar dira; adingabe migratzaileak izan daitezke, batzuek behar bereziak dituzte, edo desgaitasunen bat», azaldu zuen Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean dauden eta egoitza-harreran bizi diren adin txikikoei bideratutako programa da Izeba, non familia boluntarioek osaba eta izeba figura gisa laguntza eskaintzen dieten. Aurkezpenean plazaratutako datuen arabera, egun, tutoretzapeko 415 adingabe bizi dira egoitza-harreran Gipuzkoan, eta 349 familia-harreran.

14 URTE, 300 FAMILIA

Hamalau urte bete ditu programak, eta 300 familiak baino gehiagok parte hartu dute. Antolatzaileek zehaztu zuten boluntarioen arteko 87 harreman sustatu direla orain artean, eta hauek «nerabeen erreferente, lagun eta babes-figura» izan direla. «Haurtzarotik egoera zail eta konplexuak bizi dituzten haur eta nerabeei osaba eta izeba papera betetzen duten familien laguntza eskaintzen zaie, harreman zintzo eta gertukoak landuz», zehaztu zuen Peñak. Laguntza eskaintzeko modu anitz daude: ikasketekin lagunduz, aisialdi denbora partekatuz, eguneroko erreferente izanez...

GEHIAGO HAZTEKO

Aldundiak Baketik Fundazioarekin batera antolatzen duen programa da, eta bertako arduradun Kristina Soaresek adierazi zuen «pixkanaka hazten» ari dela programa, eta aurtengo erronka nagusietakoa familia gehiago erakartzea dela.

Soaresek gaineratu zuen edonor izan daitekeela boluntario, «bere denbora librea modu boluntarioan partekatu nahi duen edonor, seme-alabak izan ala ez», eta, gainera, Baketik Fundazioak boluntario guztiei sostengu jarraitua eskaintzen diela, zalantzak argitzeko edota adingabekoarekiko harremanaren inguruan aholkatzeko.