Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Egologia

Inoiz lehen esan badut ere, merezi du errepikatzea: hemen esaten ditudanak inpresio hutsetan oinarritzen dira; ez dira azterketa enpiriko luzeen karietara ondutako gogoeta burutsuak. Nire uste harroan, egunkarietako zutabeak ez dira horretarako. Iritzi sailean datozenak iritziak izan behar dira. Eta aurreiritziak dira maiz; prejuizioak. No offense, hortaz. Ez gaizki hartu, arren.

Psikologoak dakartzat jopuntura gaur. Edo «psikologo» batzuk, zuhurrago adierazita; sasi-zientzietan oinarritutako terapiak gidatzen dituzten «coach» horiek, zehatzago. «Sasi» diot, zientzian aspaldi baztertu diren lerroei itsu segitzen diotenak baitira gogoan dauzkadanak; kasurik onenean konduktismoari (gogoratzen zarete Pavloven txakurrarekin?) edo psikoanalisi freudiarrari jarraitzen diotenak, edo, txarrenean, programazio neurolinguistikoaren izenean ari direnak, neurolinguistikari nahiz programazioari buruzko ideiarik gabe. Lagunen baten lagunen bati entzundakoei eta Woody Allenen film askotan ikusitakoei erreparatuta, inpresioa daukat iluminatu hauek bere buruarekin obsesionatzera bultzatzen dituztela beren paziente edo biktimak. Esaten diete «zaindu zure burua; gorde ezazu denbora zuretzat; ez besteengan horrenbeste pentsa; zeure burua maite ez baduzu, nekez maiteko dituzu besteak». Eta esanaren esanaz, inkontzientean ondo ehortzitako haurtzaroko memoriak azalera ekarriz, eta «neurona-konexio berriak ezarriz» egologoek munstro berekoi, egozentriko, indibidualista, obsesibo eta paranoikoak -egologistak- sortzeko lanean dihardute. Hori guztia barregarri gerta daiteke Woody Allenen fikziozko pertsonaietan gorpuztuta ikustean, baina susmoa dut ez dela gizarte solidario, sano eta zoriontsu bat ekarriko digun herritar klasea. Oker egon ninteke, jakina.

Akaso beste egun batean esango dizuet lehen hezkuntzetako eskoletako psikologoez dudan iritzia, baina aurreratzen dizuet ez dela bigarren hezkuntzako filosofia irakasleez dudana baino okerragoa. Hala ere, ederrago nago isilik, seguru asko. Hobe dut nire burua zaindu. Eta ez burua soilik.