GARA
BAIONA

Espekulazioa salatzeagatik Lapurdin atxiloturiko lau herritar, aske

Heldu den martxoan auzipetzekoak dira atzo goizean Lapurdin atzeman zituzten lau lagunak. Iazko abenduaren 17an jazo ziren gertaerak. Bouygues taldeak Kanbon eraiki nahi duen hizieginen promozioa irudikatzeko maketa bat erakusgai zuen Angelun duen agentzian, eta hori hondatzea egotzi die Poliziak Ostia sareko lau lagunei.

Kanbon, Itsasun eta Baionan eginiko operazioaren ostean, laurak Lapurdiko hiriburuko komisariara eraman zituzten atzo goizean. Bertatik aske atera ziren, arratsalde hasieran, Janine Beyrie kanboarra, Filipe Laskarai itsasuarra eta Baionan atzeman zituzten Dominika Agerre eta Jakes Bortairu.

Hamarka lagun zituzten zain, tartean oren batzuk lehenago Bernat Etxepare lizeoan bertako langile Laskarai eta beste hiru lagunen askatasuna eskatzeko elkarretaratzean parte hartu zuen gazte andana.

LURRA ETA LASTOA.

94 etxebizitza eraiki nahi ditu Bouyguesek egun laborantzarako baliatzen diren lurretan, Kanboko Herriko Etxearen onesperarekin. Manifestazio jendetsuak egin dituzte Lapurdiko herrian “Marienia ez hunki” aldarrikapena zabaltzeko.

Ildo beretik, Ostia kolektiboko hogei bat kide Bouyguesek Angelun duen bulegoan sartu ziren joan den abenduaren 17an eta bertan ikusgai zuten maketa lurrez eta lastoz bete zuten, hala, egitasmoa, sinbolikoki bada ere, lurperatzeko. Maketan agertzen ziren etxetxoak estali ondoren, lurra busti eta gainean abereen panpinatxoak ezarri zituzten, era horretan herritarrek Marienia laborantza jarduerarako atxikitzea nahi dutela aldarrikatuz.