GARA
PILOTA

Artolak bi urterako berritu du kontratua

Artola, Lau eta Erdikoan, Peñaren aurka.
Artola, Lau eta Erdikoan, Peñaren aurka. (G. RUBIO | FOKU)

Lasaitu ederra hartuko zuen Iñaki Artolak; Baikok atzo jakinarazi zuen alegiarrak bi urterako berritu duela kontratua enpresarekin. Abenduan amaitzen zitzaion kontratua. «Gogo handiz nago pilotan segitzeko. Enpresak ere bere konfiantza adierazi dit. Ondo iritsi gara akordio batera. Oso pozik nago», adierazi zuen Artolak kontratua sinatu berritan.

Uda ez da erraza izan Artolarentzat, ez baititu lehen mailako partida asko jokatu. Hala ere, Lau eta Erdiko txapelketan sartu zuen enpresak, eta ezin hobeto baliatu du aukera: finalerdietara sartzeko zorian egon zen, Peñaren aurka gutxigatik galdu baitzuen -20-22 irabazi zion tolosarrak-.

Asier Agirreren aurka jokatu zuen Lau eta Erdian sartzeko kanporaketa, eta gogotik sufritu zuen pasatzeko, baina helburua bete zuen. Final-laurdenetako ligaxkan ez ditu aurkari samurrak izan, eta maila ona eman du hiru partidetan. Lehen partida Jokin Altunaren aurka jokatu zuen, eta garaipenak ihes egin zion. 22-15 galdu zuen Amezketako izar handiaren kontra, baina lanak eman zizkion. Amaieran, ordea, zenbait hutsegite tarteko, Altunak markagailua irauli eta norgehiagoka irabaztea lortu zuen.

Aitor Elordiren aurkakoan, kontrako joera izan zuen partidak. Artola atzetik hasi zen markagailuan, eta gero aurrea hartu zion Aspekoari (18-22). Partida horretan, Artola bere barne korapiloa askatzeko gai izan zen, aurrera pauso bat eman eta airez joz pilotari.

BINAKAKOA Hirugarren partida Peñaren aurka jokatu zuen, hil ala bizikoa. Irabazten zuenak finalerdietarako txartela zuen. Oso neurketa parekatua izan zen, eta detaile txikiek erabaki zuten dema tolosarraren alde. Partida hori amaitu berritan, Artola konforme agertu zen emandako mailarekin: «Min handia hartzen duzu horrelako partida bat galtzen duzunean, baina esango nuke orokorrean begiratuta txapelketa ona egin dudala. Maila honetan partidak askotan detaile txikietan erabakitzen dira. Nire helburua udan erakutsitako joko mailari jarraipena ematea zen eta uste dut hori lortu dudala», adierazi zuen alegiarrak Lau eta Erdiko txapelketatik kanpo geratu berritan.

Hilaren amaieran aurkeztuko dute Binakako Txapelketa, eta Artolak bertan egoteko itxaropena du. Ikusi beharko da enpresak zer erabaki hartzen duen.