GARA
GASTEIZ

A25eko kanpainan pornografiako indarkeriari heldu dio Emakundek

Emakunderen Azaroaren 25erako kanpaina pornografiako indarkeriaren ingurukoa izango da, «Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da» lelopean. Sexu heziketaren garrantzia nabarmendu zuten, hura indartzeko neurririk zehaztu ez bazuten ere.

Emakundek eta Lakuak atzo aurkeztu zuten azaroaren 25eko kanpaina.
Emakundek eta Lakuak atzo aurkeztu zuten azaroaren 25eko kanpaina. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Gobernuko Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudelek kanpaina bateratua egingo dute aurtengo azaroaren 25ean. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean pornografiaren gainean jarriko dute fokua, “Pornoa emakumeen aurkako indarkeriaren eskola bat da” lelopean.

Atzo prentsaurrekoan azaldu zutenez, erakunde guztien artean koordinatutako kanpaina bateratu horren bidez gizartea ohartarazi nahi dute gazteen sexu hezkuntza pornografiaren esku uzteko arriskuaz. Izan ere, eszena pornografikoen %88,2k emakumeen aurkako indarkeria fisikoa edo hitzezkoa darabil, eta horrelako edukia 12 urtetik hasita kontsumitzen dute nerabeek, batez beste. Horrez gain, Emakundek eskuartean dituen datuen arabera, nerabeen %33,4k uste du pornoak eragin handia duela beren sexu harremanetan.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, «emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea ere bada gazteek kalitatezko sexu hezkuntza jasotzea» eta, ildo horretan, gizarte osoari dei egin zion, baita erakundeei, gizarte eragileei eta familiei ere, «gazteek sexua indarkeriarekin, emakumeen umiliazioarekin eta haien gauzatzearekin lotu ez dezaten». Hala ere, Melgosak ez zuen zehaztu ordezkatzen duen sailak nerabeen sexu heziketa indartzeko neurri zehatzik hartuko duenik.

Nolanahi ere, nabarmendu zuen «oso garrantzitsua» dela erakunde guztiek «modu koordinatuan lan egitea, gizarteari mezu bakar bat helarazteko». Melgosak ohartarazi zuenez, «teknologiaren aurrerapenak, Interneten nonahikotasunak pornografia gure gizartean masiboki hedatzea eragin du, aurrekaririk ez duen moduan, eskaintza ikaragarriarekin, doan eta 24 orduko eskaintzarekin». Argi utzi nahi izan zuen: «Arazoa ez da sexua, indarkeria baizik, nagusiki kontsumitzen den pornoa bortitza delako emakumeen aurka».

KALITATEZKO SEXU HEZKUNTZA

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak gogora ekarri zuen gazteek kalitatezko sexu hezkuntza jasotzeko eskubidea dutela. Azaldu zuen Emakunde, beste ekintza batzuen artean, hezkuntza afektibo-sexualean adituak diren pertsonekin lan egiten ari dela “Jakitun” programaren barnean, eta «gehien kontsumitzen den pornografia, indarkeriaz beteta egoteaz gain, estereotipo eta aurreiritzi arrazista eta sexistez ere beteta» dagoela ondorioztatu dute.

Kanpaina azaroaren 10etik 25era egingo dute hainbat euskarri desberdinetan, besteak beste, sare sozialetan.