AMAIA EREÑAGA
BILBO
Elkarrizketa
VANESA FERNANDEZ GUERRA
Zinebi jaialdiko zuzendaria

«Film laburrak egiten hasten diren ia denak emakumeak dira»

Zinebiren 65. edizioa da aurten; zuzendaritzan seigarrena, Vanesa Fernandez Guerrarentzat (Durango, 1980). «Ditxosozko pandemiak», dio, dena markatu duen arren, une gozoa bizi du euskal zinemak eta, horren ondorioz, Zinebik berak. Betiere, albiste txarren bat kenduta, Frederick Wiseman ez baita etorriko, haren osasun egoera kaskartu egin baita.

(Oskar MATXIN | FOKU)

Bulegora sartu eta, paretaren kontra, post-itez jositako egutegi handi batek harrera egin digu. Laukizuzen hau izango da Vanesa Fernandez Guerraren iparrorratza hurrengo egunetan. Zinebiren zuzendariari aurtengo azaroa luze joango zaiola dirudi, 65. edizio hau hilabetea hasi eta berehala martxan jarri zelako. Gaur egingo den inaugurazio galan, Arriaga antzokian, hasiera emango diote Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren edizio honi eta, 17an bukaera gala jarrita duen arren, 18ra arte luzatuko da, Ivan Zulueta zinemagile donostiarraren lanetan oinarritutako kontzertu emanaldi kitzikagarria izango baita, egile honi eskainitako ziklo interesgarrian.

Inaugurazio galaren bezperan hartu gaitu Vanesa Fernandez Guerrak Zinebiren egoitza berrian, Basurtuko La Perrera kulturgunean. Dena lotuta duen sentipenarekin, baina barneko korapiloa askatzeke; oraindik ez zekien aurten banatuko dituzten ohorezko Mikeldi batek, osasun arazoengatik, kale egingo zuela azken orduan: 93 urte ditu Frederick Wisemanek, zinema dokumentalaren aitatzat hartzen denak, eta Bostonen ospitaleratu dute, atzo aditzera eman zutenez. Hala ere, gaurko galan Felix Linares zinema kritikari eta irrati esatari bilbotarrak jasoko du bere Mikeldia. Festa ziurtatuta dago.

Nola aurreikusten duzu aurtengo jaialdia ikusleriari dagokionez? SGAEren azken datuen arabera, zinema aretoak errekuperatzen ari dira, baina era motelean. Zuek 13.0000-14.000 ikusleren teilatua daukazue, ezta?

Iruditzen zait batez ere pandemiaren osteko publikoaren krisi hori nolabait gainditzen hasi dela. Alde horretatik baikorra naiz.

Salmentetan nabaritu da?

Guk bonoak ditugu, oso beharrezkoak direnak, gazte, jubilatu eta langabezian daudenentzat. Guretzat inportantea da eurek jaialdia barneratzea. Bono hauek saltzen dira arinago, eta interesa dagoela ikusten ari gara.

Gure ohiturak aldatu dira, eta online finkatu.

Pandemia ostean erabaki genuen Filmin plataforman aurreko edizioetako film laburrak eta dokumentalak jarriko genituela, eta aurten Primera plataforman ere bai lehen aldiz. Guk defendatzen duguna jaialdi presentziala da, jendea etor dadila gure aretoetara, disfrutatzera, hausnarketa sortzera, topatzera lagunekin, profesionalekin... Hori da jaialdi guztien izaera eta horrela izan behar du.

Ba al dago publikorik mota honetako zinema independentearentzat? Iruditzen zait batez ere gazteak mugitzen dituela. Ez dakit ikerketarik egin ote duzuen.

Batez ere film laburretan eta ZIFF ofizialean gazteak dira gehiengoa. Baina oso interesgarria da ikustea Beautiful Docs atala, hau da film dokumental luzeena, eta Bertoko Begiradak sailean jende nagusiagoa etortzen dela. Dokumentalek publiko fidela dute.

Jaialdiz jaialdi ibili ohi zara urtean zehar, «ehizatzen». Panorama nola ikusten duzu aurten, zaila izan al zaizu egitaraua osatzea?

Oso ona da dokumentaletan eta lehenengo pelikuletan, baina baita film laburretan ere, uste baitut programazioaren maila oso ona dela. Oso pozik gaude. Pelikula asko eta onak kanpoan gelditu dira, ez geneukalako tokirik. Aurtengo uzta benetan ona da, eta ez bakarrik Zinebin, beste jaialdietan ere bai.

Iaz Kolonbiaren urtea izan zen, sari gehienak eraman zituzten. Aurten antzeman daiteke joerak nondik datozen: Europatik edo Latinoamerikatik?

Galdera ona da. Latinoamerikatik bai; baina, adibidez, aurten Ameriketako Estatu Batuetako zinema independenteak garrantzi handia hartu du ZIFF sailean. Palmaresarekin zer gertatuko den sekula ez dakizu, hala ere.

2018an hasi zinenetik, zure ildo nagusiak izan dira emakumeen presentzia indartzea, euskara indartzea...

Horiek izan dira gure ardatzak, eta aintzat hartzen ditugu egunero. Pelikula guztiak euskaraz azpititulatzen ditugu; baina niretzat garrantzitsua da ere euskara gure eguneroko lanean, komunikazio arloan eta aurkezpenetan erabiltzen dugula. Euskara, azken batean, gure eskubidea ere bada.

Eta emakumeen presentziari dagokionez, beti izango da garrantzitsua Zinebin, alde batetik programatzen ditugun pelikulengatik, eta, beste alde batetik, aurrera eramaten ditugun jardunaldi profesionalengatik. Kontuan izan industriaren alorra indartzea izan zela nire helburuetariko bat, eta hor daude, adibidez, Zinebi Networkingak, antolatzen ditugun saio profesionalak. Azken urteetan asko hasi dira.

Zinebi paralelo bat dago publikotik aparte?

Industriari eskainitako jardunaldi profesionalak dira. Eta hori inportantea da. Adibidez, aurten daukagu topaketa bat ilusio berezia egiten didana: emakume muntatzaileena. Egin dugu orain arte: emakumeak musika eta zinema, film labur batetik zelan egin salto luzemetraietara, egin izan dugu Palestina edo Mexikoko emakumeekin... eta uste dut horrelakoak beharrezkoak direla. Azken finean, jaialdiek izan behar dugu hausnarketa puntu bat, espazio zabalak sortzeko.

Emakumeen presentzia handia da. Baina naturala da edo bilatutakoa da?

Gure kasuan naturala da eta arrazoia oso sinple bategatik, baina logika daukana: azken finean, gu film laburrekin ari gara eta talentu emergenteekin, eta fakultateetan eta zine eskoletan gero eta emakume gehiago daude. Beraz, hortik ateratzen direnak eta film laburrak egiten hasten diren ia denak emakumeak dira. Bestetik, zinema dokumentalean zein animaziozkoan emakumeen papera hor dago. Dokumentalaren kasuan gainera, medio gutxiagoekin egiten denez, hor emakumeak erosoagoa senti daitezke nolabait.

Adierazgarria da: «Sultanaren ametsa» Zinemaldiko sail ofizialean egon zen; Zinebin ere, berdin.

Eta gu, poz-pozik. Begira, maiatzean Oberhausenen egon ginen, oso jaialdi potentean, eta oso harro gaude Fokus bat egin genuelako euskal zinemarekin. Han egon zen, gure ustez, azken urteetako uztarik onena film laburrenetan. Eta belaunaldi desberdinak eraman genituen: Isabel Herguera egon zen aurkezten, etorri ziren ere Asier Altuna, Koldo Almandoz, jende gazteagoa, Aitor Gametxo...

Euskal zinemaren susperraldia bizi dugula dirudi.

Bai, eta Esti Urresolaren “20.000 especies de abejas” filma da aurtengo arrakastarik esanguratsuena. Egon nintzen Berlinaleko estreinaldian, eta egundoko emozioa sortu zidan. Gainera, Esti gure ikaslea izan da; badakizu unibertsitatean aritu nintzela; eta han ikustean... Gurean epaimahaikide dator. Eta Zinebin bi sari irabazi zituen pandemiaren urte ditxoso horretan. Beti oso gertu egon gara berarekin. Eta pozten gara, izugarri, izaten ari den ibilbidea zoragarriarekin. Bestalde, hor duzu Victor Iriarte ere: Veneziako jaialdian aurkeztu zuen bere lana, eta orain sari pila bat jasotzen ari da jaialdi desberdinetan, baina Zinebin ere jaso zuen bere garaian euskal zinemaren sari nagusia.

Euskal zinemaren industria badagoela esan liteke, beraz?

Asko ez gara, baina daudenak hor daude. Beraien arrakastak eta lorpenak hor daude.