Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

IRABAZTEN DUENAK IRABAZTEN DUELA, ESTREINAKOZ JANTZIKO DU TXAPELA

Julen Egigurenek (Azpeitia, 2000) eta Iraitz Zubizarretak (Ataun, 1999) Promozioko Lau eta Erdiko finala jokatuko dute gaur Tolosako Beotibar frontoian (17.30etatik aurrera). Egiguren hirugarrenean asmatzen ahaleginduko da, eta Zubizarretak bere «une gozoa» aprobetxatu nahi du kaiolako finala irabazteko. Aldarte onean daude biak.

Ezkerreko irudian, Julen Egiguren, Promozioko Lau eta Erdiko finalerdian, Jon Alberdiren aurka; eta eskuinekoan, Iraitz Zubizarreta.
Ezkerreko irudian, Julen Egiguren, Promozioko Lau eta Erdiko finalerdian, Jon Alberdiren aurka; eta eskuinekoan, Iraitz Zubizarreta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU - Luis Angel GARCIA)

Iraitz Zubizarretak eta Julen Egigurenek badakite zer den Promozioko Lau eta Erdiko final bat jokatzea; garaipenaren zapore gozoa dastatzea, ordea, ez. Gaur, behingoz, batek jantziko du aurrenekoz txapela. Egigurenek hirugarren finala du kaiolan, eta Zubizarretak bigarrena. Aldarte onean daude biak, eta ondo ikusten dute euren burua finalerako. Joan den astearteko material aukeraketaren aurretik entrenatu egin zuen azpeitiarrak, eta sentipen «onak» izan zituela esan du: «Fisikoki ondo nago, eta eskuak ondo ditut. Larunbatean [gaur] lehia on bat egiteko eta nirea emateko gogoz nago. Nire aukerak aprobetxatuta, ea txapela irabazten dudan». Ataundarra ere «une oso gozoan» dago, eta «asko gozatzen» ari da: «Uda on batetik nator, ez da azken bi-hiru asteetako kontua. Orain saiatuko naiz bukaera polit bat ematen. Orain arte egindako guztiarekin harro nago, baina ez dut konformatu nahi aste honetan, hurrengo astetik aurrera baloratuko dut dena».

Finalerdietan gogotik sufritu zuten biek; bereziki, azpeitiarrak. Hodei Expositoren aurka jokatu zuen, eta 2-16 zihoala markagailuan, partidari buelta ematea lortu zuen, 22-21 irabazteko. Neurketa hark bere alde onak eta txarrak izan zituen, eta horiek aletu ditu azpeitiarrak: «Horrelako partida bati buelta emateko derrigorrezkoa da nik ondo jokatzea, baina berak ere aukerak eman behar zizkidan. 16-2 markagailua iraultzeko ez da nahikoa ni ondo jokatzen hastea. Alde horretatik, uste dut finalera sailkatu naizela nire mailarik onena eman gabe. Baina, beste alde batetik, ikusten dut ere horrelako egoera zail bati buelta eman niola, eta kantxan egoten jakin nuela, sufrituta eta partida irabazita. Hori positiboa iruditzen zait finalerako».

BIAK BEREN «MERITUZ», FINALERA

Zubizarretaren dema ez zen Egigurenena bezain zoroa izan; hala ere, Jon Alberdik lanak eman zizkion ataundarrari. «Finalerdian asko-asko sufritu behar izan nuen. Alberdik maila handia erakutsi zuen. Lanak oso zail izan nituen, baina buelta ematea lortu nuen (22-19), zorionez, eta nahi genuen tokian gaude».

Badago bien arteko aurrekari bat: ligaxkan ataundarrak 7-22 markagailu irmo batekin hartu zuen mendean azpeitiarra. Partida hark eta finalak zerikusirik izango ote duten galdetuta, nork bere interesen alde egin du. Egigurenek espero du ezetz, eta Zubizarretak nahiko luke baietz, baina aitortu du ez dutela «zerikusirik» izango: «Frontoia ezberdina da, bion momentua ezberdina da, eta finalak ezaugarri berezi bat edukitzen du: tentsioa handiagoa izaten da beste partidetan baino». Aspekoak esan du ligaxkako lehian «sekulako egurra» eman ziola Zubizarretak, eta «erraz galtzea» tokatu zitzaiola.

Ataundarrak uste du biak beren «merituz» heldu direla finalera, eta biek «zerotik» abiatuta jokatuko dutela. Partida «irekia» eta «gogorra» aurreikusten du ataundarrak, eta «edozer gerta daitekeela» iruditzen zaio: «Julen [Egiguren] pilotari oso fina da, dena ondo egiten du eta aurkariari behartzen dio bere mailarik onena ematea. Julen handi bat espero dut, eta nik nire maila onena eman beharko dut finalaren mailan egoteko».

HIRUGARRENEAN ASMATZEN DA

Aldi berean, Egigurenek ataundarraren bertuteak kontuan hartuta, berak nola jokatu behar duen azaldu du, ligaxkako partidatik gaizki egindakoak aintzat hartuz: «Iraitzi [Zubizarreta] irabazteko kantxan denbora asko egon behar da, eta, hortik aparte, piloteoa nik dominatu beharko dut. Ligaxkan alderantziz izan zen, eta oso erraz irabazi zidan. Finalean saiatuko naiz, behintzat, piloteoa nik dominatzen, eta gero aukera dudanean beldurrik gabe aurrera egiten, tantoa bukatzeko. Horrez gainera, buruz buruko partida denetan bezala, sakea eta errestoa oso-oso inportanteak izango dira. Bi horiek ondo egiten dituenak eskura izaten du partida erdia».

Iaz Egiguren txapeldunorde geratu zenean, Iker Salaberriak irabazi zion. Gaur hirugarren finala jokatuko du, eta esaerak dio hirugarrenean asmatzen dela. Hala egingo al du azpeitiarrak?: «Ea esaera hori egia den eta betetzen den. Harro nago hirugarren finala jokatzeaz. Nik ere txapel bat jantzi nahi dut eta ea hirugarren aukera honetan, esaerarekin batera, txapela lortzen dudan».

Zubizarretak bigarren finala jokatuko du, orain dela bi urte Joanes Bakaikoaren aurka galdu ondotik. Final hartan bizitakoa berekin daramala adierazi du ataundarrak, eta nabarmendu du helduago iristen dela final honetara «bai pertsona, bai pilotari, bai kirolari bezala»: «Emaitza alde batekoa edo bestekoa izan arren, nire sentsazioa da esperientzia hark lagunduko didala, eta prestatuago iristen naizela oraingo partidara».