Amaia EREÑAGA
MANIFESTAZIO JENDETSUAK OSASUN PUBLIKOAREN ALDE

Osakidetzaren gaitzek kalea hartu dute berriz

Kalitatezko osasun-sistema publikoaren aldeko aldarrikapena entzun zen atzo Bilbo, Gasteiz eta Donostiako kaleetan. Manifestazio jendetsuak egin ziren, milaka lagun bildu zituztenak, Osakidetza egun eta etorkizunari begira hartzen ari den norabideak kezka, kexa eta ezinegona sortzen dutelako biztanleriaren zati handi batean.

Bilbo, Donostia eta Gasteizko mobilizazioen irudiak. Kolektibo anitz, mota guztietakoak, bultzatu dute manifestazioa, kezka orokorra baita Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako biztanleen artean.
Bilbo, Donostia eta Gasteizko mobilizazioen irudiak. Kolektibo anitz, mota guztietakoak, bultzatu dute manifestazioa, kezka orokorra baita Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako biztanleen artean. (Oskar MATXIN, Gorka RUBIO eta Raul BOGAJO | FOKU)

Gizartea ez dago gure osasun publikoaren sistema pairatzen ari den egungo egoerarekin immunizatuta. Hori etorri zitzaigun burura, Bilboko kale nagusian, atzo eguerdian, eta euriak gogor jotzen zuen bitartean, «Osasun publiko, unibertsal, duin eta kalitatezkoa» aldarrikatu zuen manifestazio jendetsua pasatzen ikustean. «Joan den apirileko mobilizazioetan baino jende gutxiago dago», esan zigun manifestari batek kezkati. Tira, egiten zuen eguraldi desatseginarekin, atzo bezalako egun batean milaka lagun mugiaraztea lorpena izan daiteke. Pandemian, lehen mailako osasun sistema geneukan sinesmena mila zatitan hautsi zitzaigun, eta benetako errealitatearekin topo egin genuen; ez da arrosa kolorekoa, ezta hurrik eman ere.

Kezka horien adierazle, osasun publikoaren aldeko herri plataformen koordinatzaileak atzoko deituriko mobilizazioek jasotako atxikimenduak: zerrendan 74 talde agertzen ziren, mota guztietakoak, bai herri mailako plataformak, bai sindikatuak, baita Osakidetzako langileen sindikatuak ere. Eta gizartearen sektore ugaritako ordezkaritza zabal hori bera ikus zitekeen mobilizazioetan, hala nola Bilboko Jesusen Bihotzetik eguerdian atera zen manifestazioan.

Entzun ahal izan ziren oihuen artean: «Urkullu, entzun, publikoa ez da saltzen», «Pribatura bideratzea ekintza kriminala da», baina guztien gainetik erreibindikazioa nagusia eta enborrekoa hauxe zen: «Ongizate publiko eta kalitatekoaren alde».

Euripean, aterkipean, zapi gorriz zipriztindutako manifestazioa -pentsiodunen mugimenduaren ordezkaritza bereziki zabala izan zen-, eta tarteka talde desberdinen pankartak ikus zitezkeen: erizainak, mugimendu feminista grebara deitzen, eta hainbat herritan sortu diren plataforma herritarren pankartak: Durango, Ortuella, Sestao...

Gasteizen ere deialdiak jendetza batu zuen: 2.000 bat lagun inguru atera ziren Bilbo plazatik. Donostiako hitzordua arratsaldeko bostetan hasi zen, eta parte-hartzaileen artean Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentaria eta Juan Karlos Izagirre zeuden, baita Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido, Marivi Eizagirre batzarkidea eta Arantxa Gonzalez zinegotzia. Herri plataforma ugari ere bai: Bidasoaldea, Tolosaldea...

Conchi Revollok, antolatzaileen izenean, manifestazio horretan hedabideei egindako adierazpenetan Iñigo Urkullu lehendakaria gezurtatu zuen, Osakidetzan «dena ez baitago ondo». Halere, aipatu zuenez, orain arte egin diren mobilizazioak «zerbaitetarako balio izan dute», Sagardui sailburuak aste honetan bertan itxaron zerrendak txikituko direla iragarri duelako; osasun pribatura bideratu gabe, gainera. Nolanahi ere, «sistemari buelta bat eman» beharra dagoela azpimarratu zuen.

BESTE EREDU BAT

«Osasuna ez da negozio bat; Eusko Jaurlaritzak etengabe errespetatzen ez duen eskubide unibertsala da!», aipatu zuen manifestazioaren amaieran, Arriaga antzokiaren kanpoaldean irakurri zuen manifestuan. Osakidetzaren egoeraren erretratu beltza egin zuen: «Gobernuak aurrera daramatzan murrizketa-politika horien zuzeneko ondorioak honako hauek dira: itxaron-zerrenda justifikaezinak espezialista batek edo familia-medikuak artatuak izateko edo ebakuntza kirurgiko bat izateko. Aurrez aurreko arreta jasotzeko zailtasunak, pazientea artatzeko denbora nahikorik ez izatea, ospitaleko larrialdi kolapsatuak… medikurik gabeko osasun-zentroak ugaritzea edota zentro hauen itxierak».

Aipatu zituzten arazoen zerrenda luzea da gero: «Ez dugu onartzen itxaron-zerrenden murrizketak pribatizazioan aurrera egitearen kontura egitea. Pribatizazioa gertatzen ari da, hala nola klinika pribatuetarako desbideratzeen, kontzertuen edo peonaden bitartez. Osasuna ez da negozio bat; Eusko Jaurlaritzak etengabe errespetatzen ez duen eskubide unibertsala da».

Lankidetza publiko-pribatuaren aldeko politikek osasun publikoa ahuldu eta pribatuaren hedapena errazten dute, diru publikoaren kantitate handiak klinika eta ospitale pribatuetara desbideratzen dituztelako:

«Itxaron-zerrenden arazoa ez da konpontzen pribatuarekin hitzartuz. Hau gaurko ogia da eta biharko gosea, egiturazko arrazoiak konpontzen ez diren bitartean. Osasun publikoa indartzea eta baliabide publiko propioak garatzean datza interbidea», esan zuten.

Herri plataformok aurrerapauso bat ematea erabaki dutela aipatu zuten eta, azaroaren 30eko greba feministak defendatzen duen bezala, honako konponbidea proposatu zuten: «Zaintza integraleko eredu berri bat ezartzea, ehuneko ehun publikoa, unibertsala, duina eta kalitatezkoa, bizitzaren etapa guztiak beteko dituena».

«Herritarren partaidetzatik sortuko den osasun-eredu berri bat behar da -zioten antolatzaileek-. Gure bizi-baldintzak zehazten dituzten faktoreei helduko diena. Kudeaketa demokratikoa eta kontrolarekin maila guztietan. Gaur egun existitzen ez den osasun-kudeaketa gardena bermatzea exijitzen dugu. Lehen Mailako Arreta osasun-sistemaren zentroan jarri behar da, aurrekontua aurrekontu sanitarioaren %25eraino handituz, osasun komunitarioan oinarrituta, gizarte- eta genero-ikuspegiarekin, gaixotasunaren prebentzioan eta osasunaren sustapenean oinarrituta.

Lakuako Gobernuko bazkideei, EAJ eta PSEri, eskaera bat helarazi zieten: Murrizketa-, desegite- eta pribatizazio-politikak geldiarazteko. Osasun pribatuaren interesei ez begiratzeko eta bira emateko osasun publiko indartsu baterantz. «Izan ere, osasun publikoa da herritar guztiei osasunerako sarbidea bermatu ahal dien bakarra. Eta hori ekitate-irizpideekin egiten du, gizarteko pertsona ahulenei arreta berezia eskainiz», nabarmendu zuten.