Amagoia MUJIKA
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Soto eta Illarregi, koska bat goitik Agoizko saioan

Puntuek kontatu zuten Julio Soto (543,5) eta Xabat Illarregi (529,5) goitik ibili zirela atzo arratsaldez Agoitzen jokatu zen bigarren finalaurrekoan. Eta halaxe ibili ziren biak, hitzetan fin eta ideietan mamitsu, bertso makineria olioztatuta dutela erakutsiz. Sotok zuzeneko txartela lortu du finalerako eta Illarregik ere pauso segurua eman du harantz.

Julio Soto oso fin aritu zen atzo Agoitzen jokatutako saioan.
Julio Soto oso fin aritu zen atzo Agoitzen jokatutako saioan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Julio Soto gailendu zen atzo Agoitzen jokatu zen bigarren finalaurrekoan. Ariketa guztietan fin-fin aritu zen eta ganbarakoan sinadura propioko lana osatu zuen. Hartara, atzo jokoan zen finalerako zuzeneko txartela beretzat izan zen. Sotok erakutsi zuen ondo entrenatuta dituela hitzak, begiradak eta ideiak.

Zortziko handian Julen Zelaietarekin abiatu zen. “Berdintasun teknikarien paperean, hitzaldi oso interesgarria antolatu arren, bi pertsona bakarrik bertaratu dira”. Sotok zuzen heldu zion gaiari berak gustuko duen erpinetik. «Jokin Azpiazu ekarri dugu lehen izan zena Donostin / ze gizontasun berriek ere badute zenbait itokin / baina pentsatzen ariko dira Mikel, Unax, Unai, Jokin/ berdintasunak zerikusirik ez duela gizonokin».

Puntukako ariketan berriz ere jo zuen goia, Xabat Illarregirekin. Egia esan, biak koska bat goitik aritu ziren saio osoan eta puntukakoan arratsaldeko une ederrenetakoa goratu zuten. Gaiaren arabera kuadrillakoak ziren, asteburu- pasa joanak. Eta tupper sex bat egitea pentsatu zuten. Sexualitateaz modu askean, eraikitzailean, gozoan, dibertigarrian aritu ziren eta lezioa eman zuten. Oso une berezia sortu zuten bi bertsolariek.

Eta berriz ganbarakoan luzitu zen Julio Soto. Hauxe zuten gaia: Kantua entzun duzunean momentu goxo hura etorri zaizu burura. Gorritiarrak autoan kokatu zuen bere burua, irratia entzuten. “Ave Maria” abestia entzutean etorri zaio burura abuela Maria. Hauxe, bigarren perla; «Agian ulergaitza da gaur pasa zaidan kasoa / beti beltz ikusten dugu joandako arbasoa/ larogeita hamalau urte eta heriok lazoa/ geroztik egin zen lurpe, zeru edo itsasoa / mundutik joan nahi zula ez enaiz hain inozoa / ordea abuztu hartan ze gauza kuriosoa / kantu honekin ez baitzen izan triste ta osoa/ despedida izan leike sarri gauza bat goxoa». Azkenean 543,5 puntu bildu zituen eta finalean izango da. Sotok badu eskarmentua eta oso une onean iritsiko da Iruñeko hitzordura.

XABAT ILLARREGI, BIKAIN

Puntuetan bigarren Xabat Illarregi leitzarra izan zen. Atzoko saioan lehen biek dezenteko koska atera zioten hirugarren geratu zen Julen Zelaietari. Puntuek kontatu zutena nahiko garbi sumatu zen plazan.

Zortziko nagusian sendo hasi zen Illarregi. Urko Gartziarekin josi zuen ariketa, hildakoak makillatzen dituzten profesionalen azalean. Illarregik lehen bertsotik erakutsi zuen lanera zetorrela eta argitasunez. Hauxe, hirugarrena; «Ez da erraza familiarrak daude urduri ta gartsu / baina gu ere hil behar gara Urko egidazu kasu / zuk ni edota nik zu agian hemen baikaude ni ta zu/ ni banaiz lehen hiltzen den hori guapo ipini nazazu».

Zortziko txikian ere goitik jarraitu zuen. Ariketa horretan Idoia Granizorekin. Adin nagusikoen egoitzako langilea zen Granizo eta Illarregi harrapatu zuen sukaldean ezkutuan txokolatea jaten.

Granizo txukun ibili zen ariketa honetan. Saioa oso lotuta hasi zuen, baina asmatu zuen zenbait unetan tentsioa askatu eta arrasto propioa uzten. Hauxe bota zion zortziko nagusian Illarregiri: «Ongi pentsatzen jarriz ideia ona zen / eta hasia zara merienda prestatzen / baina trantzean nago hasi naiz pentsatzen/ guk ez ote zaitugun nahikoa goxatzen». Eta Illarregiren erantzuna; «deitzen nauzu kuttuna eta deitu Xabat / dieta zuzen baten ta ni sartu naiz trat / azukrerik ta gatzik gabea erabat / Behobian irteteko asmorik ez daukat».

Puntuetan hirugarrena Julen Zelaieta izan zen, Nafarroako txapelketan eskarmentu handia duen bertsolaria. Saioari erori gabe eutsi zion, baina akaso distira falta izan zitzaion. Atzoko 458 puntuekin zaila du finalean egotea.

Zortziko txikian Urko Gartziarekin aritu zen eta lortu zuten bien artean plazan berotzea. Gartziak magia ikuskizun bat zeukan eta Zelaieta laguna ikustera joan zen. Espero gabe jende artetik boluntario atera zuen Gartziak. Hauxe, Zelaietarena: «Funtzioa daukat ta gela nahi dut bete / etorriko al zinake tira badaiteke / nigana etorri zara boluntario eske / laguna zinen baina orain ez hainbeste».

Ekain Alegre puntu erdira geratu zen, laugarren postuan. Ideietan fresko aritu zen eta lortu zuen ertz propioak marraztea eta urduritasunari neurria hartzea.

Bosgarrena Urko Gartzia izan zen. Agurrean aitortu zuenez, «etxean jokatu» zuen atzo, senideak dituelako Agoitzetik gertu eta bere zaleak dezente nabarmendu ziren plazan. Berotasuna ez zitzaion falta. Hamarreko txikian Sotorekin aritu zen, baserri batean bizi den bikote nagusi baten paperean. Sotok herrigunera joan nahi zuen eta Gartziak, ez. Hauxe kantatu zuen bigarrenean: «...teila hautsi azpian sentitzen naiz salbu/ herrigunean neri ez zait ezer galdu».

Azken finalaurrekoa, azaroaren 19an, Lesakan.