Jon GARMENDIA
Idazlea

Diferente

Usoak ikusi ditut Sarako zeruan. Bueltan dira berriro; agian ez dira joan zirenak izango. Tira, inor ez da joan bezala itzultzen, gorputz beraren barnean pertsona diferente bat doa, edo badator, beti.

Horrek ere egiten gaitu animalia arrazional, edo, batez ere, irrazionalekin desberdintzen. Egia erran, talde gisa geldo samar baikabiltza gizakiok azken boladan, garuneko nahiz bihotzeko ilunpean argia aurkitzeko zailtasunez.

Etxalar aldera joko duten euritan, Lizarrietako lepoaren pasabidetik, edo Larhun gainetik pasatuko diren; usoen tokian banengo, nik zer egingo nukeen pentsatu dut, azpian zer dagoen jakingo ez banu bezala, beherekoa kolpearen itxarongela dela ahantzita.

Gerrarako dago ehiztaria ere, eta haren bakea bere emazteak baino ez du sentitzen; bai, bake ederra hura etxetik urrun izanda.

Picassoren usoa etorri zait gero, bakearen irudi ikonikoa, Itun Zaharraren aburuz uholdearen ondotik lur idorra atzemateko Noek askatu eta barkura mokoan olibondo adarrarekin itzulia.

Pentsamendua “The Oculus”-ekin amaitu dut, World Trade Center ondoan uso zuria iduri duen metro-geltokian; han ere jendea atzera eta aurrera, usoak bezala.

Apustu egingo nuke heldu den urtean ere gai berarekin etorriko naizela garai berean, uso, ehiztari, gerra eta bake hitzekin, gorputz beraren barnean, baina diferente.