Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Euskara planek enpresak lehiakorrago egiten dituztela dio Emunen ikerketak

Bai kohesioa sendotuz, bai kudeaketa hobea bultzatuz, euskara planek ekarpena egiten diote enpresen lehiakortasunari. Horixe ondorioztatu du Emun aholkularitza taldea Euskal Herriko lau enpresarekin batera garatzen ari den Gehi ikerketaren lehenengo faseak. Hamalau aldagaitan antzeman dute ekarpen positibo hori.

Olatz Olaso, Gehi ikerketaren taldeko kidea, lansaio batean.
Olatz Olaso, Gehi ikerketaren taldeko kidea, lansaio batean. (EMUN)

Euskara biziberritzetik harago, lan mundua euskalduntzetik harago, enpresen lehiakortasunean ere ekarpen positiboak dituzte euskara planek, Emun aholkularitza zerbitzua garatzen ari den Gehi ikerketaren lehen faseak ikusarazi duenez. Astearte arratsaldean aurkeztu zituzten Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobat kooperatibekin elkarlanean egiten ari diren azterketaren lehen emaitzak.

Enpresetan martxan jartzen diren euskara planek lehiakortasunari lotutako hamalau aldagaietan ekarpen positiboa egiten dute, zenbaitetan maila handiagoan eta besteetan txikiagoan, Emuneko eta Gehi ikerketa taldeko Olatz Olasok eta Onintza Legorburuk zehaztu zutenez.

Ondorio horretara iristeko, ikerketa taldeak lau enpresa horietako arduradun eta aholkulariekin elkarrizketak abiatu zituen, kontrastatzeko euskara planek nola laguntzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen; lehiakortasuna, zentzu zabalenean ulertuta, hau da, arlo ekonomikoa, arlo soziala eta ingurumena kontuan hartzen dituena, euskal enpresetako 80 ordezkari inguru batu zituen online aurkezpenean esplikatu zutenez.

Hala, esplikatu zuten enpresetako gobernantza ereduan asko direla euskara planak eragin ditzakeen onurak. Besteak beste, enpresaren kudeaketa integrala indartzen duela adierazi zuten eta horrek, aldi berean, kudeaketa sistema hobea dakarrela. Gainera, lantokietako «liderrak» euskararekiko modu eredugarrian jokatzeak langileen atxikimendua handitzen du.

Bestalde, euskara planek langileen parte hartzea eskatzen duten heinean, enpresako «kohesioa» areagotzen dute eta, ondorioz, baita «inplikazioa» ere. Areago, euskara planen eragina bezeroenganaino irits daitekeela esan zuten Olasok eta Legorburuk, haien begietara enpresa «iraunkorrago» bihur baitezakete, eta konfiantza areagotu.

Halaber, norberaren hizkuntzan lan egiteak langileen «gogobetetzea» nahiz «errotzea» areagotzen duela erakutsi du Gehi ikerketak eta, ondorioz, beraien «laneko ekarpena eta enpresaren lehiakortasuna» handitzen ditu. Euskara planen garapenean ardurak hartzeak gainera, beharginen garapen profesionala dakar, eta plana «modu ludiko eta kolektiboan» lantzen bada, honek laneko giroa hobetu dezake.

Olatz Olasok eta Onintza Legorburuk agertu zutenez, enpresa bat bere inguruko gizartearen garapenean inplikatuta egoteak, neurri batean, mesede egiten dio lehiakortasunari. Beraz, «zerbitzuak edo produktuak euskaraz eskaintzeak eta lana euskaraz egiteko aukera eskaintzeak euskararen biziberritzean ekarpena egiten dute eta, horrela, gizartearekiko erantzule bihurtzen da enpresa», esplikatu zuten.

Ildo horretan, esan zuten langileei lanean euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera bermatzeak hauen aukera-berdintasuna indartzen duela eta horrek enpresak gizartearekiko duen erantzukizuna areagotzen duela.

ESPERIMENTAZIOA

Asteartean plazaratutako ondorioak Gehi ikerketaren diagnostiko faseari dagozkio. Orain, Emuneko kideak azterketaren bigarren aldian murgilduta daude; Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobat kooperatibekin esperimentazio fasean.

Datozen hilabeteetako asmoei begira, ondoko galderari erantzuten saiatuko dira: «Nola berritu eta aberastuko ditugu euskara planak enpresen lehiakortasunean ekarpen handiagoa egiteko?».