Eneko BARBERENA
Idazlea
JOPUNTUA

Irudi

Aspaldian jantzi gabeko berokia neraman soinean eta dituen hainbat poltsikotako batean eskua sartzea nahikoa izan zen muturra okertzeko. Bilbon izan zen, hilaren 4ko Kontseiluaren manifa eta gero Abandoko metro geltokian zain nengoela. Gero ulertuko duzue zergatik oroitzen ditudan lekua eta unea.

Esan bezala, eskua poltsikoan sartu eta maskara kirurgiko baten azal hila ukitu nuen higuindu arte. Zikina zegoela iruditu zitzaidan, zimurrengatik ondorioztatu nuen hori, eta nire burua madarikatu nuen lehenago zakarrontzira ez bota izanagatik, osasun irizpide eta higiene ororen aurkakoa baita. Gero, ordea, nire burua desenkusatu nuen pandemia berantiarreko osasun neurri drakoniarrek inposatutako badaezpadakeriaren aitzakian. «Farmaziara joateko edukiko nuen hor, total, bost minutuko kontua izango zen». Badaezpadakeria, jakin dakizuenez, historiaren motorretako bat da. Bukaeran, metroaren itxaronaldi hartan, nire poltsikoak diren zulo beltzez lotsa sentitu nuen.

Bada, horretan ari nintzelarik, maskara hark eragin zidanari buruz pentsatzen, burua altxa eta «You are EU» kanpainako kartelak ikusi nituen. Umore beltz koloretsua da Bruselako eta hala, hormetan, lelo hauek ageri ziren: «Batasuna, segurtasuna eta energia berriztagarriak», «Askatasuna, bakea eta energia-independentzia», «Giza eskubideak, elkartasuna eta energia garbia» edota «Demokrazia, aniztasuna eta klima babesa». EBn nolabait sinetsitakoa nauzue. Uste nuen hori zela estatuek egiten diguten bullyingetik libratzeko modurik onena. Oker nengoen. Europa deritzoguna ez baita merkatu bakar baten mozorro erdipurdikoa besterik eta, gainera, bere auto-kontakizun demokratikoari harakiria egin zion Frantzia eta Herbehereetako herritarrek 2005ean konstituzio zirriborroa atzera bota ostean Lisboako Ituna onartuta zuenean. Orain Europa zera lotsagarri bat da, progreak eta ultraeskuina dantzaldi berean behar dituena merkatuak jarrai dezan.

Iritsi zen Etxebarrirako metroa. Han utzi nituen kartelak eta maskara nirekin batera igo zen bagoira.