Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Ipuingarria

Ipuina eta ipuin kontalaria bidaiariak dira, hitzaren bidaiariak. Horregatik istorioak ez dira berdinak kontatzen diren aldiro; izan ere, bidearen gorabehera, eguraldi, urtaro, bidegurutze eta geldialdi bakoitzean ipuinak kolore, doinu eta irudi berriak hartzen ditu, kontalariak bezalaxe. Eta lagun berrien ahotsak konpartituko dituzte.

Kontalaria da ipuinaren gordelekua; ipuina, kontalariarena; bata bestea gabe ez lirateke izango. Kontalaria etxetik irtendakoan aldarte batean irtengo da, etxeratzerakoan beste bat delarik. Kontakizunak ipuina eta kontalaria aldatuko ditu, han izanik hona direlako. Inteligentzia artifiziala garaile inoiz aterako ez den lurraldean bizi dira.

Bidaiak Iruñera eraman ditu oraingoan, Karrikirri elkarteak hiru urtetik hona antolatzen duen “Ipuingarria izango da” jaialdira. Ez dituzte aurkituko neonezko argiak euren izenarekin, ezta alfonbra gorria euren oinentzat. Ez dira kazetariak pilatuko beren ikuskariaren gaineko xehetasunen egarriz. Ez, leku xume baina zoragarria topatuko dute Laba gunean, non dena den posible, baita ipuin jaialdi bat ere. Eta grina ere aurkituko dute, antolatzaileena, entzuleena; istorioak euskaraz entzuteko grina, Iruñea euskaldunagoa egiteko grina, euskal kulturarekiko grina. Eta, hori, “Ipuingarria” da.