Peli LEKUONA
DONOSTIA

Minbizia duten lagunek kalitatezko artatze duina eskatu dute

Onkologikoak Gipuzkoako minbizidunak hartuko ditu azaroaren 27tik aurrera. Aurrera urratsa den arren, Jon Galfarsoro erabiltzaileen eta pazienteen batzordeko kideak NAIZ Irratiari azaldu zion Onkologikoa «desitxuratua» dagoela eta «iluntasuna» nagusi dela.

Onkologikoaren aldeko manifestazio ugari egin dira azken urteotan.
Onkologikoaren aldeko manifestazio ugari egin dira azken urteotan. (Maialen ANDRES | FOKU)

NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan, Jon Galfarsoro Onkologikoko erabiltzaileen eta pazienteen batzordeko kideak «artatze integral» baten beharra nabarmendu zuen. Gipuzkoako minbizidun gaixoak hartzeko bi aste baino gutxiago falta dira, eta bost urte igaro ondoren albiste ona dela esan zuen.

«Baina guk betidanik eskatu duguna izan da artatze integral bat, gaixoen artatze integral bat. Monografiko gisa uler daitekeen ospitale honetan hori da eskatu duguna, artatze integrala. Detekzio goiztiarra egiten da hemen, bularreko minbiziarena, adibidez, eta lehen egiten zen moduan hasieratik bukaeraraino tratamendu integral bat ematea gaixo horiei. Hau da, ospitalizazioa ongietorria da, baina hortik beste pauso horiek ere eman beharko lirateke», zehaztu zuen.

Gaur egun, salatu dutenez, desitxuratu egin da hemen bertan ematen zen artatzea. Kirurgian, adibidez, ez da ia ezer egiten. «Jartzen dira gailu batzuk kimioterapia emateko, eta gutxiegi erabiltzen dira aspaldian. Planta, orain arte, ehuneko hamarrean beteta genuen, ia hutsik genuen. Uste dugu minbiziak behar duela beste artatze mota bat, azkarra, kalitatezkoa eta duina. Ea poliki-poliki denon arten gai garen hori hala izan dadin», adierazi zuen Galfarsorok.

MAHAI TEKNIKORIK EZ

Oraingoz ez dute harremanik edo bilera gunerik halako proposamenak Osasun Sailari helarazi ahal izateko.

«Dena oso iluna izaten ari da. Informazioa hutsala da. Atzo bildu gintuzten berria emateko. Aspalditik eskatzen ari gara mahai tekniko bat, gai hauek guztiak orokortasunean tratatzeko», esan zuen Galfarsorok, «baina inoiz ez digute erantzun. Orain arte behintzat kaskarra da harremana».

Gipuzkoako minbizidun pertsona guztiak Onkologikoan izatea beraien osasunarentzat egokiagoa izango ote den edo ez galdetuta, egiteko moduaren arabera izango dela erantzun zuen pazienteen batzordeko kideak. «Noski, ospitalizazioa gauza bat da, tratamendu orokorraren barnean zati bakarra da. Kontua da gero gaixo horiei, hemen ospitalizatuko direnei, gainerako tratamenduak nola edo non egiten zaizkien; aipatu dugun kirurgia, adibidez. Orduan ikusiko da. Gaixoak behar duena da esaten duguna, tratamendu integral bat eta ez ibiltzea batetik bestera jostailu bat balitz bezala», ohartarazi zuen.

Langileei dagokienez, gauzak lotuta daudela dirudi. Aurrekontuaren lege proposamenean onartua da Osakidetzan integratuko direla. Gobernu dekretu bat falta da hori guztia gauzatzeko.