Juan ABASOLO, Elena AGIRRE, Uzuri ALBIZU*
EHUko irakasleak
KOLABORAZIOA

Hezkuntza publiko, inklusibo eta euskaldunaren alde: Hezkuntza Legea berrabiatu

Denbora igaro da EAEko Hezkuntza Lege proiektua argitaratu zenetik, eta dagoeneko tramitazioaren fasean sartu delarik, legearen inguruko zenbait hausnarketa partekatu nahiko genituzke. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza fakultateetako irakasleak gara, eta honenbestez, legeak arautuko duenak eragin zuzena izango du gugan eta gure ikasleengan.

Hilabete luzeetan egon den eztabaidak argi eta garbi erakutsi digu legeak ez duela kontsentsurik lortu, ez hezkuntza komunitatean, ezta, oro har, gizartean ere. Kontrara, kritikak eta desadostasun sakonak piztu ditu, eta ez da inolako neurririk hartu desadostasun horiek lantzeko eta lege hobe bat egiteko. Hezkuntzak dituen bi premiei erreparatu nahi diegu orain, gure ustez giltzarriak eta itzuri ezinak direlako, eta lege honek behar den bezalako erantzunik ematen ez dielako: eskola publikoa indartzea eta euskararen hedapen eta sakontzea.

Jakina denez, EAEn hezkuntza sistema dual bat dugu egun, non eskola itundunek pisu erabat puztua baitute. Hezkuntza eskubidearen alde lan egiten duten nazioarteko erakunde guztien gomendioen kontrako politikak aplikatu dira urteetan. Esaterako, hor dago Abidjango printzipioek esaten dutena; hots, hezkuntza-erakunde pribatuen finantzaketa publikoak behin-behineko neurria izan behar duela, eskola publikoak bete behar dituen funtzioak bete bitartean. Ez da hori EAEren kasua. Ikasleen ia %50 titularitate pribatuko eskoletan dago matrikulatuta, eta hamarkadetan betikotzen eta naturalizatzen joan den anomalia dugu. Oso kontziente gara anomalia horrek, neurri batean behintzat, duela zenbait hamarkadatako euskarazko hezkuntza publikoa jasotzeko ezintasuna duela jatorri. Euskalduntzean ikastolen mugimenduak egin duen lana goraipatzekoa da, zalantzarik gabe, baina egun ez gaude 1970 edo 1980ko hamarkadetan, eta ezin dugu orduko markoekin pentsatzen jarraitu. Bestetik, eta batez ere, irakaskuntzak izan duen tradizio katolikoak azaltzen du, halaber, anomalia hori, eskola itunduetako gehienak erlijiosoak direlako oraindik. Gure aburuz, irakaskuntzaren laikotasunak ezinbesteko baldintza izan beharko luke ezein eskola diru publikoz hornitzeko.

Ikerketek diotenez (besteak beste, ikus Javier Murilloren lanak), arestian aipatutako sistema dualak jatorriaren eta klasearen araberako segregazioa sortzea eragin du. Ondorioz, sistema erabat desorekatua dugu: eskola publikoak egoera zaurgarrian bizi diren ikasle askoz gehiago jasotzen du, eta desoreka horrek hezkuntza inklusiboa bermatzea galarazten du. Eskola itunduen aldeko desoreka hori ezabatzeko garaia da, eta hezkuntza eskubidea bermatzeko eskola publikoa sistemaren zutabe nagusia bihurtzekoa.

Bigarrenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, euskalduntzearen gaia dugu. Hor ere legea ezin lausoagoa da, eta azkeneko albisteek diotenaren arabera, orain berrogei urte pentsatu ziren hizkuntza-ereduak mantentzeko asmoa dago. Berriz ere gauza bera esan beharra dugu, hots, egun ez gaudela 1970-1980ko hamarkadetan, eta etorkizuneko erronkei erantzuteko neurri berri eta irmoak hartu behar direla. Ebidentzia guztiek esaten digute Euskal Herriko gazteak euskalduntzeko ezinbesteko bidea dela eskola euskaldun indartsu bat edukitzea, zeinean euskara izango baita irakas-hizkuntza. Horrek bakarrik ez du gizartearen euskalduntzea bermatuko, baina ezinbesteko habea da. Aspaldi erakutsi zuten soziolinguistek (Fred Gennesse-ren ikerketatik abiatuta) oinarrizko ideia hau: gizarte elebidunetan, hezkuntza sistemako irakas-hizkuntza hizkuntza minorizatua izan ezean, gizarte hori diglosiara kondenatua geratzen da. Horregatik, euskara ardatz duen eskola baten alde egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, orain arteko hizkuntza-ereduak gaindituko dituena eta XXI. mendeko testuinguruari dagokion eredu berri bat sortuko lukeena.

Sinetsita gaude gizartearen eta hezkuntza komunitatearen gehiengoak bat egiten duela bi puntu horietan. Etorkizun oparoago eta berdinzaleago bat edukitzeko, eskola publiko euskaldun eta inklusibo bat bultzatu behar dugu, eta horregatik, prozesua berrabiatu eta lege berri bat lantzeko dei zintzo eta urgentziazkoa egin nahi diegu parlamentuko alderdi guztiei zein euskal gizarte osoari.

*Sinatzaileak: Juan Abasolo, Elena Agirre, Uzuri Albizu, Iratxe Antonio-Agirre, Txabi Arnal, Nerea Arruti, Alexander Artzelus, Maitane Basasoro, Mari Mar Boillos, Berta Echeberria, Ibon Egaña, Ainhoa Ezeiza, Karla Fernandez de Gamboa, Oihane Fernandez-Lasarte, Rakel Gamito, Mikel Gartziarena, Alex Gurrutxaga, Ane Izagirre, Miren Koro Jauregi, Saioa Larraza, Irati Leon, Itsaso Madariaga, Jon Martin, Judit Martinez, Igone Palacios, Alfredo Perez de Sosoaga, Estitxu Ramos, Arantza Rico, Javier Ruiz de Arcaute, Aitor Xabier Ruiz de Luzuriaga, Eider Sainz de la Maza, Egoitz Salsamendi, Beñat Sarasola, Amaia Serrano, Alaitz Tresserras, Jon Urraza eta Daniel Zuazagoitia.