Iraitz MATEO
DONOSTIA

23. Korrika Irunetik Baionarat «herria harro dadin», martxoaren 14tik 24ra

Korrikaren 23. edizioa Irunen hasiko da heldu den martxoaren 14an eta Baionan bukatuko da handik hamar egunera, martxoaren 24an. «Harro herri» izango du leloa, eta euskararen normalizaziorako pausoak ematea aldarrikatuko du. Edizio honetan, Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da omendua.

23. Korrikak martxoaren 14tik 24 bitarte igaroko ditu Euskal Herriko errepideak.
23. Korrikak martxoaren 14tik 24 bitarte igaroko ditu Euskal Herriko errepideak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

“Harro Herri” lelopean, Korrikak Euskal Herriko errepideak zeharkatuko ditu 2024ko martxoaren 14tik 24ra, Irunen hasi eta Baionan bukatuta. Atzo aurkeztu zuten 23. edizioa, Donostiako San Telmo museoan, lekukoa gordeta dagoen lekuan. Bertan izan ziren Korrikako arduradun Ane Elordi Alburquerque eta Aitziber Balantzategi Ibargoitia AEK-ko Artezkaritza Kontseiluko lehendakaria, baita Korrika batzordeko kideak ere.

Aurkezle lanetan aritu zen Anabel Arraizak gogora ekarri zuenez, 22. Korrika orain arteko jarraituena izan zen, «gauza askoren mugarri eta adierazle»: covid pandemiaren osteko lehenengo mobilizazio erraldoia, zuzenean 24 orduz jarraitu ahal izan zen... baina, bereziki, «gai izan ginen euskara agendaren erdigunean kokatzeko» eta «argi eta ozen oihukatu genuen gure hizkuntzaz harro gaudela».

Horren ildotik, 23. ediziorako hautatu duten leloak «komunitate bat, herri bat, oztopo guztiak gainditzeko gai den Herri Harroa garela» aldarrikatuko du. Iruditerirako mihise koloretsu bat aukeratu zuten, festa giroa irudikatzen duena, «Historia, konpromisoa, ilusioa eta etorkizunaz harro dagoen herri bizi bat: ‘Zorionekuak’, Laboaren iruditeria, ‘Gernika’ artelana...».

«HARRO, BAINA EZ KONFORME»

Aitziber Balantzategik azkenaldian euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen aurka «bizirik segitzen duen oldarraldia» izan zuen hizpide eta euskararen ezagutzan eta erabileran urrats handiagoak egiteko administrazioek baliabide gehiago jartzeko beharra nabarmendu zuen. «Ezinbestekotzat» jo zuen Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzea, eta horregatik 23. Korrikak jasoko duen dirua Euskal Herri osoan euskararen normalizazioaren alde lan egiteko baliatuko dela iragarri zuen.

«Nahitaezkoa da Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa bizkortzeko herritarren kontzientziazioan eta aktibazioan eragitea, baina ez ardura norbanakoen bizkar utzita. Instituzioek ardura garrantzitsua dute egungo errealitateari erantzuna emateko: hizkuntza politika ausartagoak egin eta inbertsioak areagotu behar dituzte, herritarren konpromisoari bide eman behar diotelako», nabarmendu zuen.

Ezagutzaren unibertsalizazioa izan zen Balantzategiren aldarri nagusia. Eta, ondorioz, Euskal Herri osoan doan ikasteko aukera sortu behar dela gaineratu zuen, hezkuntzan, transmisioan eta helduen alfabetatzean sakonduz: «AEKren eta Korrikaren helburua herritar guztiak euskaraz eroso bizitzea da».

23. edizioak Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du; baxoa eta brebeta euskaraz egiteko borrokan ari diren ikasleak, hain zuzen ere.

Ane Elordik esan zuen euskara dela haien aldarria, Korrikarena bezala: «Beren ikasketen une erabakigarri batean, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egiten dute. Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik, eta beren notetan eta etorkizun akademikoan ondorioztatu kalteak onarturik». Egoerari aurre egiteko talde lana txalotu zuen Korrikako arduradunak.