EDITORIALA

Triunfalismoa eta zinismoa ekidin, alternatibak eraiki

Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidente izendatu zuten atzo, zortzi alderdiren babesarekin. Aldeko 179 boto lortu zituen, eta kontrako 171, PP, Vox eta UPN alderdienak. Indar atzerakoi horiek Gobernu berriaren zilegitasuna zalantzan jartzen saiatu dira. Erretorika kolpista erabiliz, mobilizazioak antolatu dituzte Estatu osoan eta, bereziki, PSOEren Madrilgo egoitzaren inguruan, kaos egoera irudikatzeko asmoz. Sanchezen inbestidura bertan behera gera zedin lortzeko baliabide guztiak aktibatu dituzte, tartean botere judizialak eta polizialak. Herritar asko, batez ere belaunaldi zaharrenak, dinamika erreakzionario hori kezkaz bizitzen ari dira. Beldurra eragitea da eskuinaren helburuetako bat. Sanchezen Gobernuak eta bere aliatuek beldur horri lasaitasunez eta irmotasunez aurre egitea garrantzitsua da. Berez, eskuinaren jarrera bortitzak alternatiba aurrerakoiaren zilegitasuna areagotu du estaturik gabeko nazioetan, Estatu espainolean eta are Europan ere.

Sanchezek agintaldia errepikatuko du, ezkerrarekin eta alderdi subiranistekin lortutako akordioei esker. Indar horiek guztiek oinarrizko agindu demokratiko bat partekatzen dute: ez dezala eskuinak gobernatu. Nazio-aniztasunaren eztabaidari helduko diotela agindu zuten atzo. Gainera, autoritarismoaren aurkakotasunetik haratago doan alternatiba bat eraiki behar dute. Horretarako, Estatuaren egituran funtsezko aldaketak negoziatu, adostu eta ezarri beharko dituzte. Amnistiak eta honi lotutako oztopoek markatuko dute legegintzaldiaren hasiera. Lasaitasuna eta talentua behar dira indar eskuindarren tranpetan ez erortzeko. Arriskuak agerikoak dira, aurreikus daitezke eta aurre egiteko aukera dago.

Euskal eta ezkertiar ikuspuntutik, ez da komeni itxaropen faltsuak elikatzea, baina zinismoa ere ez da aukera ona. Urteetako borrokei esker, 78ko erregimenaren higadurari esker eta aritmetika parlamentarioari esker aukera-leiho bat ireki da. Exijentziaren eta pazientziaren arteko oreka inoiz baino garrantzitsuagoa izango da. Aukera hori ireki duten indarrek arduraz jokatu behar dute. Betiere aukera horiek euskal jendartearen gehiengo zabalaren mesedetan baliatuz.