Europako funtsetatik hamar milioi kudeatuko ditu Euskal Elkargoak
Hiru lurraldeetako eragile ekonomikoekin Baionan antolaturiko bilera batean aurkeztu du Euskal Hirigune Elkargoak funts europarretatik Ipar Euskal Herriak jasoko duen hamar milioiko aurrekontua. 2023-2027 bitartean Bruselatik heldutako dirulaguntzak lehen aldiz kudeatuko ditu Ipar Euskal Herriko erakundeak.
Europako funtsetatik heldutako hamar milioiko buxeta kudeatuko du Euskal Elkargoak 2023-2027 bitartean. Lehenengo aldia da Ipar Euskal Herriko erakundeak Bruselako funtsak zuzenean gestionatuko dituela. Azaroaren 17an Baionako Artearen Hirian antolaturiko bileran aurkeztu du plana, era berean aktore ekonomikoek laguntza hori baliatzeko jarraitu beharreko desmartxei buruz informazioa jaso ahal izateko aukera izan dutela.
Orain arte Akitania Berriko Eskualdeak kudeatzen zuen funtsa Euskal Elkargoaren esku geldituko da. «Europak eginiko eskaerari jarraituz burutu da elkargoak betetzen duen eskala horren zilegitasuna aitortzera datorren eskuduntzen aldaketa», azaldu du Joseba Erremundeguyk, mugaz gaindiko, europar eta nazioarteko harremanetarako arduradunak.
Aurrekontua hiru programekin lotua da. Zehazki, eskualdeetako garapena xede duen “Feder” programa, landetako eremuak garatzeko sorturiko “Leader” programa eta itsas ekonomiari loturiko “Feampa” egitasmoa babestera datoz aipaturiko laguntzak.
Buxet horren banaketari dagokionez, zenbait irizpide zehaztu dituzte. Hala, bost milioi euro hiri eta herrien garapenarekin zerikusia duten egitasmoetara bideratuko dira. 4,8 milioi mendi eremuko jarduerak sustatzeko baliatuko dituzte. Eta milio bat euro, «ekonomia urdina», hau da, itsas ekonomia bultzatzeko.
Hala eta guztiz ere, hamar milioko aurrekontu hori ez da Bruselatik ondoko urtetan hel daitekeen finantza sostengu bakarra, Euskal Elkargoak «egiturazko funtsak jasotzeko desmartxak» abian dituelako. Era berean, mugaz gaindiko programen bidez beste diru ekarpenak jasotzea espero du Euskal Elkargoak.
Estatuek Andorrarekin lotzen dituen “Poctefa” programa aipatu du, zehazki, Erremundeguyk.
ZAZPI LAN ARDATZ ETA BERROGEI ORDEZKARIZ OSATURIKO BATZORDEA.
Dagoeneko Europako funtsetatik Ipar Euskal Herrira heltzekotan diren hamar milioi horien banaketa antolatzeari begira zazpi bat lan ardatz zehaztu ditu Euskal Elkargoak: lurralde antolaketa, gizarte kohesioa, kultura eta ondarea, garapen ekonomikoa, ekonomia urdina eta jasangarria, laborantza eta elikadura eta euskal mendia. Egitasmoen aurkezpena bideratzeko, berrogei bat ordezkariz osaturiko batzordea eratu dute, tokiko erakundeekin eta eragile sozioekonomikoekin.
Bertan, Euskal Elkargoko eta Pirinio Atlantikoen Departamenduko ordezkariekin batera, Scot edo GIP Itsasertzea bezalako egitura publikoak eta baita elkargo profesionalen eta sindikatuen ordezkariak ere izanen dira. «Egitasmo sendoak hautatu behar ditugu, funts horiek denbora iraupen zehatza dutelako», ohartarazi du, bere aldetik, Euskal Elkargoan mendiaren ardura daraman Battitt Labordek.
«Honelako funtsak eskuratzeko enpresa ingeniaritza sendoa behar da izan, baita diruzaintza aldetik ahalmena ere, laguntzak eskuratzen direlako egitasmoa bururatua denean», argitu du Erremundeguyk.
Irizpide teknikoen arabera, Euskal Elkargoko arduradunaren erranetan, «hiriguneak edo elkarte handiak» lirateke funtsak jasotzeko egitura egokienak. Edonola ere, Ipar Euskal Herriko ordezkariek adierazi dutenez, «gertuko kudeaketa eta sailkapenetik hasita, prozedura guztiaren gardentasuna bermatuko dugu».