GARA
MADRIL

Amnistia Legea tramitatzen hasi da, eta eztabaida abenduan izan daiteke

Kataluniako prozesuagatik errepresaliatutako politikarien artxiboko irudia.
Kataluniako prozesuagatik errepresaliatutako politikarien artxiboko irudia. (Kike RINCÓN | EUROPA PRESS)

Amnistiaren Lege Organikoaren proposamenak bere bidea hasi zuen atzo Kongresu espainolean, Ganberako Mahaiak tramitatzeko argi berdea eman eta gero. Abenduaren erdialdean izan daiteke eztabaida plenoan. ERCrekin eta Juntsekin adostu zuen testua PSOEk, eta alderdi honen eta Sumarren botoekin atera zen aurrera. PP aurka agertu zen.

Ganberako gobernuaren erabakia Kongresuko abokatuek prestatutako txosten juridikoaren ondotik iritsi zen. Bertan zioten PSOEren testuak ez duela Konstituzioarekin ageriko talkarik planteatzen eta, ondorioz, ez dela betorik ezarri beharrik.

2021ean baztertua izan zen independentistek bultzatutako Amnistia Legearen proposamena, indultu orokorra estaltzen zuelakoan. Harekin alderatuta, ezberdintasun bat ikusten dute abokatuek: ekimen hark ez zuen irekitako auziak indibidualizatzeko xedapenik; oraingoak bai, ordea.

Gogoratu beharra dago 2021ean Amnistia Lege haren kontra azaldu zirela abokatuak, eta PSOE ados egon zela. Oraingoan Pedro Sanchezen alderdiak berak erregistratu du lege proposamena. Atzo, premiazko prozeduraz tramitatzea berretsi zuten, PSOEk eta inbestidurako bere kideek, Sumarrek eta indar subiranistek, eskatu bezala. Elkarrekin gehiengo osoa ordezkatzen dute Kongresuan.

Horrek ekarriko du parlamentuko epe guztiak erdira laburtzea, osoko zuzenketen aurkezpenak azkartuz eta plenoko eztabaida aurreratuz. PSOEren asmoa da legea abenduan onartzea Kongresuan, gero Senatura pasatzeko. Han PPk du gehiengo osoa, eta tramitazioa moteltzen saiatuko da. Atzera bota ondoren, Amnistia Legea martxoan edo apirilean itzuliko da Kongresura, behin betiko onartzeko eta indarrean sartzeko.

EZ DUTE PPREN ERREKUSAZIOA ONARTU

Gainera, Mahaiak PPko talde parlamentariak astelehenean erregistratu zuen errekusazioa aztertu zuen.

Lege proposamen honen txosten juridikoa sinatzean, Fernando Galindo letraduari abstentzioaren alde egiteko eskatu zion PPk, berriki Lurralde Politikako Ministerioaren parte izan dela eta «legearen inpartzialtasun eta objektibotasun printzipioak» urratu zitzakeela argudiatuta. Errekusatze hori ezeztatu zuen mahaiak.