Argi gera bedi
Kontzeptu bat irudikapen mental bat da, objektu edo gertaera batena, edo baita zerbaiti buruzko iritzia ere bada. Defini dezagun, esaterako, bi hitz hauen esanahi politikoa: autonomista eta independentista.
Autonomista da estatu-nazio batean eroso, lasai, botere minimoa eskura izatearekin ados dagoena eta Estatu-Amaren zilbor-hestea moztu nahi ez duen indar politikoa.
Independentista, aldiz, estatu-nazio horretan deseroso izateaz gain, identitate propioa aldarrikatu ez ezik, espazio librea bilatzen eta, ondorioz, borrokatzen duen indar politikoa ere bada.
Estatu-Amarekin lortutako itunaren arabera, PNVk autogobernua bermatu nahi du, egunerokotu eta sakondu, estatus berri bat lortu, autonomiaduna. Egia da Euskal Herriaren aitorpen nazionala ere egiten duela itunean; baina zertarako autoa erosi, erabiltzeko asmorik ez badu? Eskumen gehiago nahi ditu EAErako eta, batez ere, Ertzaintzarako, polizia integrala izatea nahi duten aitzakia erabilita. Kontzertu Ekonomikoan ere aldaketak eskatu ditu, eta, euskara eta gaztelania maila legal berekoak izatea aldarrikatu beharrean, 100 miloi euro eskatu ditu euskara modernizatzeko, digitalizazio bidean murgil dadin. Autonomia estatusa aldarrikatu eta horretan sakontzea galdegin dio PSOEri, iritsi diren akordioetan. Arazo domestikoak itundu ditu PNVk.
Espainiako Estatuan eroso sentitzen da PNV, arrainontziko arrain txiki ikusten du bere burua. PNVk bigarren mailako espainiarra sentitzearekin atsegin politiko territoriala hartzen du. Ez da euskal alderdi abertzalea, autonomia zalea bai, ordea. Ados da Estatu-amak purra-purra ematen dion botere kuotatxoarekin eta zoriontsu sentitzen da.
Itun serio eta aberri zale kongruentea den Junts alderdi kataluniarrak identitate nazionala adostu du Estatuarekin. Amnistia negoziatu du eta itunaren lehen artikuluan dioenaren arabera, independentzia auzia aldarrikatu dute kataluniarrek, aukera historikoa dela profitatuz, Espainiaren eta Kataluniaren arteko gatazka konpontzeko, bide politiko eta negoziatuari eutsiz. Autodeterminaziorako erreferenduma negoziagai izan dute Kataluniako etorkizunari buruzkoa, eta gotortu nahi dute gaur-gaurtik Kataluniak Europako erakundeetan parte hartze zuzena izatea, estaturik gabeko nazioa izanagatik ere, Estatudun nazioa izateko helburua aldebikoz negoziatuko dutela argi utziz. Gatazka nazionalaren irtenbidea itundu eta negoziatuko dute kataluniarrek.
ETA erakundeak, bere garaian, borroka armatua behin betiko bertan behera lagatzeko besteko akordioa lortu dute kataluniarrek, hain zuzen ere. Harro egongo dira katalan abertzaleak Esquerra eta Junts alderdi politiko abertzaleek Espainiako Estatuarekin lortutako akordioaz. Oturuntza honetan bigarren mailako platera izateak ematen dion lotsaz zertan damuturik ez du PNVk, aldiz. Izan ere, PNVk erakutsi du ez duela gaitasunik (ez duela nahi) lehen mailako politikan aritzeko, nahiago duela Estatu-Amak ematen dizkion apurrekin politikakerian aritzea, alegia.