EDITORIALA

Baldintzatzaile sozialen garrantzia osasunean

Nafarroako Gobernuak “Determinantes sociales de la salud en Navarra” azterlanaren ondorioak zabaldu zituen atzo. Azterlan horretan obesitatea, diabetesa, osasun mentala, osasun baliabideen erabilera eta covid dira osasuna neurtzeko erabili diren aldagaiak, eta adina, sexua, jaiotze herrialdea eta diru sarrerak dira gizarte baldintzatzaileak. Lanaren ondorioak bat datoz literatura akademikoarekin, eta erakusten dute desberdintasun sozioekonomikoek eragin handia dutela herritarren osasunean.

Osasunaren lehen baldintzatzailea eta nagusia errenta da. Obesitateak, diabetesak edo buruko nahasmenduek askoz ere eragin handiagoa dute urtean 18.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten pertsonengan, kopuru horretatik gora daudenengan baino. Bigarren baldintzatzailea sexua da. Emakumeak, adibidez, gehiago kutsatu ziren pandemian, funtsezkotzat jo ziren sektoreetan lan egiten baitute gehienbat. Baina ez da alde bakarra: osasun mentalari dagokionez, emakumeek antsietatea edo depresioa pairatzen dute, batik bat, eta gizonek, berriz, nahasmendu adiktibo eta arazo mental larri gehiago. Diru sarrerek eta sexuak biztanleria osoaren osasuna zeharkatzen eta baldintzatzen dute. Bestalde, etorkinei beste baldintza batzuek ere eragiten diete. Kolektibo horretan, adibidez, osasun zirkuituen erabilera desberdina antzeman du ikerketak: larrialdien erabilera nagusitzen da, lehen mailako arretaren aldean. Afrikarren portaera nabarmenagoa da, eta jatorri asiarreko biztanleen artean ia ez da antzematen. Alde hori eragin dezakete komunikazio arazoek, osasun sistemarekin ez ohitzeak edo arriskuaren eta osasun zaintzaren pertzepzio desberdinek.

Nahiz eta emaitzak ezagunak izan, berriz ere nabarmendu dute osasun arretan kontuan hartu behar direla gizarte baldintzatzaileak, bai kontsultetan, bai protokoloetan, bai profesionalen prestakuntzan, baita egiten diren materialetan ere. Desberdintasun horiek murriztea ezinbestekoa da, baliabide gutxien dituzten pertsonen osasuna hobetzeko, horrek gizarte osoaren osasuna eta ongizatea hobetzea ekarriko baitu.