Kepa KORTA
Irakasle eta ikertzailea
JOPUNTUA

Bi mugarri

Beste plan batzuk egiten ari garela pasatzen dena da bizitza, esan omen zuen John Lennonek. Bizialdia bi heriotzaren arteko etenaldia dela irakurri nion Atef Abu Saifi “Berria”-n. Nik esango nuke horiena baino bizialdi monotonoagoetan ere mugarri batzuk badirela, izaera moldatu eta norabide batean edo bestean bultzatzen gaituztenak. Denbora behar izaten da maiz, bere garrantziaz jabetzeko. Perspektibak lagundu egiten duela esaten dute. Gutxiago aipatzen da gauzen neurriak eta distantziak begien ezaugarrietara egokitzen dituela; oroimenak eraldatu egiten dituela bizipenak; gertaerak manipulatu.

Irakurri berri ditudan bi liburuk aukera eman didate nire bizitzako bi mugarri gogoan hartzeko. Xabier Mendigurenen “Oso latza izan da” argitaratu berria, eta Ion Arretxeren “Intxaurrondo”, Josu Zabaletaren euskarazko bertsioan 2021ean argitaratua. Mendigurenek Joxe Arregiren heriotzaren inguruko gertaeren kronika egiten du. 1981eko otsail hartan Beasaingo lizeoko ikasleok inguru hurbila hankaz gora geneukan eta ideiak borborka: nazioa eta klasea, hizkuntza eta identitatea, borroka armatua eta hilketak, energia nuklearra eta azak, inkomunikazioa eta tortura, gehiengo sinpleak eta kualifikatuak demokrazian, asanbladaren legitimitatea, grebalariak eta eskirolak... sutsuak ziren eztabaidak; gogorrak jarrerak. Sexua, drogak eta rock-and-rollarekin batera, gertu ezagutu genituen indarkeria, zapalkuntza eta tortura. Eta antzeko giroan bizi genuen unibertsitatean, 1985eko azaroan Mikel Zabaltza desagerrarazi zutenean. Asanbladaren ondoren, Zorroagatik Donostiako kaleetara jaitsi ginen pare bat astez egunero, baina nekez irudika genezakeen Mikel eta besteak nozitzen ari zirena. Arretxeren bizitzan (eta heriotzan) mugarriak izan ziren gertaera haiek, dudarik ez dago. Drogari, torturari eta indarkeriari nolabait iskin egin genienen bizitzetan ere bai.

1981eko otsail hark euskal politika gotortu zuela esan du Mendigurenek. Orduan 16 urteren bueltan genbiltzanok ere gotortu gintuen: gotortu egiten omen zaitu akabatzen ez zaituenak.