Jon ORMAZABAL
BILBO
PILOTA

Unai Lasok «laguntza handiagoa» nahi zuen bere berragerpenerako

Karta jokoan arituko balira bezala, enpresek azken-azken unera arte gorde dituzte euren bikoteak. Erabakiak ez ditu denak gustura utzi. Bizkarreta-Gerendiangoak ez zuen bere ezinegona ezkutatu, eta antolatutako txapelketa garbi kritikatu zuen.

Txapelketan arituko diren 16 pilotari titularrak, Bilboko Bizkaia Arenan egindako aurkezpenean.
Txapelketan arituko diren 16 pilotari titularrak, Bilboko Bizkaia Arenan egindako aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Karta jokoan ariko balira bezala, enpresek azken-azken unera arte gorde dituzte urteko txapelketarik luzeenerako kantxaratuko dituzten bikoteak, eta erabakiak ez ditu denak gustura utzi. Aho bizarrik gabe, sei hilabeteren ostean kantxetara itzuliko den Unai Laso oso kritiko agertu da, bai bere enpresak bai Aspek atondutako txapelketarekin. Eibarko enpresakoen artean, komunikabideei iskin egin zigun arren, badirudi Joseba Ezkurdiak ere laguntza gehixeago espero zuela enpresaren aldetik, bere joko bolada oso ona ez den honetan.

Iñaki Artolarena da, iazkoarekin alderatuta -Mikel Urrutikoetxearen lekua hartuko du honek-, aurtengo Binakakoaren berrikuntza bakarra, lehiaketa sistema ere errepikatuko baita, hau da, ligaxkan hirugarren eta laugarren postuan geratzen direnek bi aukera izango dituzte play-offean finalerdietan sartzeko.

Jaka-Mariezkurrenak dirudi, hasiera batean behintzat, azken urteotako Asperen nagusitasunari aurre egiteko Baikoren apusturik sendoena, eta elkarrekin finala jokatutako Peña-Albisuk eta Artola-Imazek borrokarako grina erakutsiko dute, Laso-Arangurenek Bizkarreta-Gerendaingoaren bilakaeraren zain arituko diren bitartean.

Baina oraintxe, bere sasoiak baino, itzuleran jarri dizkioten lan zailek kezkatzen dute 2022ko Buruz Buruko txapelduna. Unai Lasok argi utzi nahi izan zuen ez duela inolako arazorik aginagarrarekin jokatzeko, baina hainbeste denbora geldirik egon ostean, «laguntza gehiago» espero zuen. Aurretik ere publikoki azaldua zuen Albisu edo Mariezkurrenarekin jarriko zuten konbentzimendua, baina atzo Bilbora heldutakoan ezustean harrapatu zuen Baikoren erabakiak. «Ez ditut bikoteak ulertzen. Ez nago ados, eta ez dut esaten Arangurenekin jokatzeagatik. Uste dut ez dutela txapelketa ondo atondu. Nik enpresarekin hitz egin nuen eta aurten atzean laguntza handiagoa behar nuela esan nien, ez nintzelako %100ean irtengo. Ez dute kontuan hartu eta ez nago batere ados», azaldu zuen.

Baina aurrelari nafarraren kexa ez zen bere enpresak egindakora mugatu. «Aspeko bikoteak ez ditut ongi ikusten. Txapelduna bigarren atzelaririk onenarekin jarri dute -Elordi-Rezusta-, eta Altuna-Martija ere txapeldun izandakoak dira. Uste dut ez dutela ongi egin. Ez didate lagundu oraingo honetan».

Asperen kasuan, izenak iazko berak dira, baina bikote guztiak dira berriak iazkoarekiko. Elordi-Zabaletak ere bakoitzak bere aldetik saiatu beharko du iazko txapela errepikatzen. Binaka txapeldun izan diren sei pilotarirekin -Peio Etxeberria eta Xabi Tolosa kenduta beste guztiak- Eibarko enpresan lanak izan dituzte bikoteak osatzen . Azkenerako, nolabait esateko, erdiko bidetik jo dute, estatus aldetik bi aurrelari eta bi atzelaririk onenak banatu eta iazko bikoteak trukatuz; Altuna-Martija, Ezkurdia-Tolosa, Elordi-Rezusta eta Peio Etxeberria-Zabaleta. Kontuak horrela, iaz Martijarekin jokatu eta gero, oraintxe bere boladarik onenean ez den Joseba Ezkurdiari egokitu zaio aurten, izenenez eta palamaresez behintzat, enpresako laugarren atzelaria den Tolosarekin jokatzea. Danel Elezkanok ordezkatuko du Jokin Altuna, amezketarra osatu bitartean.

FINALA, ABERRI EGUNEZ

Azkoitian ostiral honetan hasiera emango zaio txapelketari Ezkurdia-Tolosa / Etxeberria-Zabaleta partidarekin. Finala martxoaren 31rako, Aberri Egunerako, iragarrita dago, iaz bezala, Iruñeko Nafarroa Arenan. Lehen bi jardunaldietan enpresa bereko bikoteak lehiatuko dira elkarren artean, baina hirugarrenerako Aspe eta Baikoko pilotariak nahasiko dira.

Esku profesionala abenduaren 9an itzuliko da Labritera. Aurten itxura berria duen Atano III.ean hiru jardunaldi jokatuko dira, Donostiak zirkuitoan protagonismoa hartuz.



2024ko Binakako bikoteak

Elordi-Rezusta Binakakoak asko eman die bi pilotari hauei eta, euren sasoirik onena berreskuratzen badute, gauza handiak egin ditzakete elkarrekin. Iazkoa kasualitatea ez zela izan erakutsi nahi du txapeldunak. ASPE-BAIKO

Ezkurdia-Tolosa 2022an elkarrekin aritu ziren eta, lehen itzuli oso txar baten ostean, seigarren postuan amaitu zuten ligaxka. Aurten ez dirudi sasoirik onenean daudenik. Lehiakortasuna berreskuratzea dute lehen helburua.

Altuna III.a-Martija Azken urteetako bikote klasiko bat, duela bi urte txapeldun izan ziren elkarrekin. Oso ondo hartzen dute elkar eta faboritoen artean daude ezbairik gabe, amezketarra azkar eta, bereziki, ondo osatzen bada behintzat.

Laso-Aranguren Bikote honen aukerak Bizkarreta-Gerendaingoaren bilakaeraren ararbera egongo dira erabat. Hala ere, aginagarrak iaz txapelketa oso ona egin zuen eta izen baino joko gehiago duen pilotaria da.

Artola-Imaz Itzalean eta isiliean egindako lanaren fruitua jaso du alegiarrak eta ilusioz gainezka ekingo dio txapelketari. 2020an ligaxkan hirugarrenak izan ziren elkarrekin eta play-offean Olaizola-Urrutikoetxea asko estutu zituzten.

Jaka-Mariezkurrena Printzipioz, Asperen nagusitasuna hausteko Baikoren apusturik sendoena dirudite. Errematerako gaitasuna eta joa. Printzipioz bikote perfektua dirudite. Nafarrak eskuekin arazorik ez izatea behar dute.

Peio Etxeberria-Zabaleta Etxarrengoarekin jokatzen duten aurrelari guztiak kiniela guztietan sartzen dira beti, eta Zenotzekoa ez da salbuespen bat. Kaiolan emandako jauzia binaka ere eman nahiko du ultzamarrak.

Peña-Albisu Jokoan jarraitutasuna eta erregulartasuna lortzea izango da euren lehen erronka. Eskuratzeko gai badira, duela bi urte erakutsi zuten zertarako gai diren, finaleraino helduz. Tolosarra askoz pilotariagoa da gaur egun.