Amaia EREÑAGA
DURANGO
EUSKAL KULTURAREN PLAZA, MAMITSUA ETA GAURKOA

Ate joka datorren Durangoko Azokak belaunaldi berrietan jarri du fokua

Erabat presentziala izango da, «online» denda itxi ostean, iaz baino erakusmahai gehiagorekin eta fokua publiko berrietan jarrita, belaunaldi gazteetan baitago etorkizuna. Ate joka dator Durangoko Azokaren 58. edizio mamitsua. Izaroren bideokliparen estreinaldia, gammerren eguna... boladan dauden joerak jasoko ditu «anitza, gaztea eta fantasiaz beteriko» Azoka berriak.

Azokaren gune desberdinetako arduraduna, Landakon. Kementsu dator aurtengo edizioa.
Azokaren gune desberdinetako arduraduna, Landakon. Kementsu dator aurtengo edizioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Esan dezakegu azoka ederra datorrela, nobedade interesgarriekin eta ekitaldi sorta luze-luze batekin». Horrela hasi zuen atzo Beñat Gaztelurrutiak, Gerediaga elkarteko koordinatzaileak, datozen abenduaren 6tik 10era egingo den Durangoko Azokaren 58. edizioaren edukien aurkezpena.

Eta ez zitzaion arrazoirik falta, soilik datuei erreparatuta, mamitsua dirudielako aurtengo edizioa: 950 nobedade, 170 partaide, 257 erakusmahai eta 265 ekitaldi hartuko ditu bere barnean. Nobedadeen artean liburuak dira nagusi (689), ondoren 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari eta bestelako 40 ekoizpen.

Aipagarria, musika produktuen hazkundea -iaz baina 38 ale gehiago-, eta komikiak eta ilustrazioak hartu duten indarra. Hau kontuan izanik, ilustratzaileak elkarrekin batu dituzte eta, hau berria da, marrazkilarien lana zuzenean erakutsiko da pantailen bidez.

Aurtengo edizioa egiteko 715.000 euroko aurrekontua izan dutela aipatu zuen, bestalde. Horrela banatuta: erakundeetatik, %60; babesle pribatuetatik, %13; eta sarrera propioekin %27ra iristen dira.

Atzo Plateruena kafe antzokiak hartu zuen ate joka datorren 58. edizioaren aurkezpena. Durangoko txoko askotara zabaltzen baita abenduko zubian egin ohi den hitzordu beterano hau: museora, Zugaza zinemara, Plateruena bertara... Baina, denen gainetik, Landako gunea da gure kulturaren hitzordu honen “bihotza” Azoka egiten den egunetan.

«Aurten Landako lepo egongo da. Stand gehiago ez da sartzen oraintxe. Eskerrak Durangoko beste espazio batzuk ditugun», aitortu zuen Gaztelurrutiak. Aurten iaz baino erakusmahai gehiago izango dira. Eta horren arrazoia? Ekoizpenaren hazkundeagatik baino, kulturan joerak erabat aldatu izanagatik, antza. Lehen argitaletxe handiak ziren nagusi; orain, erakusmahai erdiak alokatzen dira hein handi batean. Esaterako, musikari bat bakarrik etor daiteke, zigiluren batekin parte hartu ordez.

GERO ARTE «ONLINE»

Eta nola izango da aurtengo Azoka? Lehenik, erabat presentziala. Pandemia garaian, eta egoerak horrela behartuta, martxan jarri zen online denda “aparkatuta” utzi dute aurten, presentzialtasunaren aldeko apustua egin delako. Egunero 10.30etik 20.00etara zabalduko ditu ateak Landakok, azken egunean izan ezik: abenduaren 10ean 18.00etan itxiko baititu ateak, bertan parte hartzen duten ekoizleek eta partaideek hala eskatuta, gune desberdinetako egitarauak martxan jarraitzen duen bitartean.

Bestalde, garraio publikoa erabiltzeko gonbita egin dute, baina Durangorako loturak batzuetan zailak direnez, autoan iristen direnentzat aparkalekuak eta doako autobus zerbitzua ipiniko dituzte. Iurretako autobide irteerako aparkalekutik 30 minutuero aterako da autobusa, abenduaren 10ean izan ezik, ez baita erabilgarri izango.

TERMOMETROARI BEGIRA

Azoka euskal kulturaren egoeraren termometroa, plaza eta hauspoa delako, orain eta, espero dezagun, etorkizunean. «Boladan dauden joerak jasoko dituen» edizio berri bat prestatu du Gerediaga elkarteko lan taldeak, atzo aurreratu zutenez. «Egitarauaren ezaugarri bi nabarmenduko nituzke: anitza eta gaztea», adierazi zuen Gaztelurrutiak. Anitza, askotariko estilo eta gaiak topatu ahal izango direlako. Eta gaztea, inoiz baino jarduera gehiago izango direlako gazteek sortuak eta gazteentzat pentsatuak.

«Gurekin nahi ditugu belaunaldi berriak», azpimarratu zuen Gaztelurrutiak. Honekin batera dei orokor bat zabaldu nahi izan zuen, euskal gizarte osoari zuzenduta: «Euskarak eta euskal kulturak gizartearen babesa behar dute, azken boladan euskalgintzak ohartarazi bezala. Bultzada emateko norabidean lan egin dezagun denok, gure fantasia gau bateko amets zaputza izan ez dadin».

TALAIAN, IZEN HANDIAK

Talaia deitzen da Landakoko areto nagusiko aurkezpen eta hausnarketarako gunea. Hilaren 8, 9 eta 10ean egingo diren aurkezpenen artean, Joxe Azurmendi filosofoaren pentsamenduari buruzko mahai inguru bat (abenduak 8) aipa daiteke, Joseba Sarrionandiak Markos Gimenoren “ Letrakartel” izeneko lanaren aurkezpena, Alex Txikonekin online egingo den konexioa edo, hilaren 10ean, Euskal Literatura saridun guztiak elkartuko dituzten bi solasaldi.

MUSEOAN, ZINEMA ETA ZAINTZA

Durangoko Museora zabaldu da Azoka azken edizioetan. Aurten, ekitaldirik deigarriena, agian, Meridiano moreak taldeak antolaturiko “Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak” izeneko nazioarteko topaketa izan daiteke (abenduaren 7an); Estibaliz Urresola edo Itziar Ituño bezalako ordezkarien parte hartzea izango du.

AHOTSENEAN, BERRI ASKO

Zuzenekoak Plateruenan izango dira, beti legez; aurkezpenak eta solasaldiak, handik gertu dagoen Bartolome Ertzila musika eskolan. Edukiz beteta, hemen egiten den musikaren panorama erreala ematen du urtero kafe antzoki honek. Hala ere, badago zerbait aipagarria aurten: 17 talde berrik aurkeztuko dute haien lehenbiziko lana.

IRUDIENEAN, IZARO

Zugaza zinemak jasotzen ditu ikus-entzunezkoei eskainitako lanak. 30 lanetik gora emango dira, baina beharbada ikusleria gehien erakarriko duen hitzordua Izaro kantariaren “Cerodecero” lan berriaren bideokliparen estreinaldia izango da. Gure Zirkuaren dokumentala ere estreinatuko da, eta Fermin Muguruzaren “Bidasoa” dokumentalari buruzko solasaldi bat iragarri dute.

KABIAN, AZKENALDIKO JOERAK

Eremu digitalean sortzen diren egitasmoak jasotzen dituen plaza da Kabia, eta abenduaren 6an eta 7an egingo da. Euskararen erabilera indartzeko tresnak, adimen artifiziala... gaur egungo gai interesgarrienak bilduko ditu.

SAGUGANBARAN, ESTREINALDIA

Haurrei eta familiei begirako ekitaldiak jasotzen ditu bost egunez. Aurten, Azokaren Sormen bekaren irabazlea hemen bertan ezagutaraziko dute. Honekin batera, ohar bat: Ikasle goiza hilaren 6an izango da; Gazte Eztandaren bigarren edizioa, abenduaren 8an.

SZENATOKIAN, ANTZERKIA

Antzerkiaren gunean pieza labur asko eta bakarrizketa ugari daude. Horregatik, parte hartuko duten hamar konpainiek bakoitzak pase bi emango ditu. Nabarmentzekoa da abenduaren 8an iazko Sormen Bekaren emaitza aurkeztuko duela Jon Ander Urrestik, “Eucalyptus” izeneko antzezlana.

AURRETIK ETA ATZETIK ERE BADAGO AZOKA

Mota honetako kultur hitzorduak ez dira data zehatz batzuetara mugatzen; joera natural bat dute: luzatzekoa. Hemen ere, Azokaren aurretik, zehazki azaroaren 28an eta 29an, Durangon bertan sortzaileak eta programatzaileak batuko duen Da! Pro topaketa prestatu da.

Eta Azoka amaitu bezain laster “Zu Non Han Da!” ekimena hasiko da. Bi helburu ditu: batetik, Durangoko Azokan aurkeztutako produkzioaren uzta Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea liburu denden bidez; bestetik, «kulturgintzaren erdigunean liburu dendak jarri eta beraien lanaren hauspotzea, euskal kulturaren zabalkundean ezinbesteko rola betetzen dute eta».

Kanpainara atxikitako liburu dendei 40 alez osatutako nobedadeen sorta bat eta Azokako afixa helarazten zaie, erakusleihoetan jar dezaten.

Aurtengo edizioan 88 liburu dendek izena eman dute: Nafarroan, 10; Gipuzkoan, 28; Bizkaian, 39; Araban, 8 eta Ipar Euskal Herrian, 3.

88 liburu denda horietako 27tan aurkezpenak antolatu dituzte, musikatuak asko, dramatizatuak beste batzuk. Horrela, Durango Euskal Herri osora zabalduko da.