Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Inteligentzia artifiziala eta eguraldia

Aste honetan familiarteko batek artikulu bat pasatu dit sare sozialen bitartez eta honela zioen: «Google-ren inteligentzia artifizialak mundu osoan egingo duen eguraldia aurreikus dezake minutu batean». Artikuluan zioen zehazki datozen hamar egunetan egingo duen eguraldia aurreikus dezakeela minutu batean. Eta, harago bagoaz, urtaro osoan egingo duena ere bai. Eta ni orduak igarotzen bihar zer egingo duen jakiteko. Marka da gero.

IAk gauza onak baditu, baina kasu honetan, halako titularrekin ez diogu batere mesederik egiten meteorologiari, ez eta meteorologoei ere.

Iragarpen guztien atzean, orduetako lana dago: mapa ugari aztertu, datuak bildu, xehatu, interpretazio bat eman, norberaren ezagutza aplikatu eta iragarpena osatu.

Inteligentzia artifizialak orain aipatu ditudan pauso hauetatik bakarren bat edo beste egin ahalko du, baina hain funtsezkoa den giza faktorea ezin du aplikatu. Beraz, iragarpena ez da inondik inora fidagarria izango.

Halako albisteek lortzen duten bakarra meteorologiari eta meteorologoei prestigioa kentzea eta egiten duten lana gutxiestea da.

Benetako eguraldi iragarpen bat nahi baduzu, entzun irratia, ikusi telebista, edo/ eta, Interneten organismo ofizialen orriak bisitatu. Ez da hain zaila.