GARA
BILBO

Lakuak euskararen ofizialtasuna defendatuko du auzitegietan

Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak helegiteak prestatzeko idatziak aurkeztu ditu Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, euskararen normalizazioaren aurkako sententzien aurrean hizkuntzaren ofizialtasuna babesteko.

Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua.
Olatz Garamendi Lakuako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko burua. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuako Gobernuak euskararen ofizialtasuna defendatuko du auzitegietan, gure hizkuntzaren kontrako epaien aurrean kasazio helegiteak jarriz. Auzitegi Gorenean eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztu ditu errekurtsoak prestatzeko idazkiak. Esperotako pausoa zen, herritar ugarik eskatutakoa. Manifestazio nazional jendetsua egin zen azaroaren 4an Bilbon, Kontseiluak antolatuta, euskararen kontrako oldarraldiari erantzuteko.

Epaiek 179/2019 Dekretuaren agindu batzuk behin-behinean baliogabetu dituzte. Dekretu horrek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko erakundeetan bi hizkuntza ofizialen, euskararen eta gaztelaniaren, erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzea arautzen du.

Ebazpen horietako batek partzialki onartu zituen Voxen eta PPren errekurtsoak, eta, hain zuzen, horien aurka aurkeztuko du Lakuako Zerbitzu Juridikoak kasazio errekurtso bana Auzitegi Gorenean. Lehenbizi, errekur- tsoek kasazio interes objektiborik duten aztertuko da, eta, badagokio, Gorenak auziaren muinari helduko dio.

«IRIZPIDE DESENFOKATUA»

Hedabideetara igorritako oharrean, Olatz Garamendiren Sailak defendatu du Dekretuak Estatutuaren 6.2 artikuluaren agindua jasotzen duela eta bere helburu nagusia EAEko toki erakundeetan euskararen erabilera instituzionala eta administratiboa arautzea dela. Bere ustez, gaztelaniari buruzko erreferentzia jakin batzuk ez egotea ez da ulertu behar hizkuntza horren bazterketa edo diskriminazio gisa, epaiak, oker bada ere, adierazten duen bezala.

Ildo horretan, hau azaldu du: «Gernikako Estatutuaren 6. artikuluak, Konstituzioaren 3. artikuluak eta Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren 7. artikuluak EAEko Administrazioa euskararekiko errespetua eta bere erabilera sustatzera behartzen dute, eta, helburu horretan euskarak gaztelaniaren aldean duen desberdintasun egoera historikoa zuzentzera behartzen du, hizkuntza batek bestearen gainetik lehentasuna edo pribilegioa izan gabe».

«Epaiek ez dute kontuan hartzen zein den inpugnatutako dekretuaren helburua, Aretoak irizpide desenfokatua baitu arauaren oinarriari eta aurkaratutako aginduei eman beharreko interpretazioari buruz», nabarmendu du Exekutiboak. Haren aburuz, EAEko epaitegiak interpretazio okerra egin du, ondorioztatu baitu gazte- laniaren erabilerarekiko bazterketa edo desoreka zegoela, eta ondorioz berdintasun printzipioaren urraketa gertatu dela. Alabaina, gaur egungo esparru juridiko orokorrak bi hizkuntza ofizialen artean izan beharreko oreka juridikoari eusteko aukera ematen duela azpimarratu du Sailak helegitean.