GARA
ZARAUTZ
AGUR HIRU HAMARKADA LUZEKO IBILBIDEARI

«Azken heriotza» birarekin eta Beloki gabe utziko ditu oholtzak Anestesiak

Pandemiak, osasun arazoek eta taldekide bat joateak eraginda, Anestesiak bertan behera utzi zuen «Fenix» bira. Taldea suspertuta, «Azken heriotza» bira berriarekin esango du agur taldeak, 2024an.

Anestesiako egungo taldekideak.
Anestesiako egungo taldekideak. (ANESTESIA)

«2019. urtean garai beltz bat hasi zen Anestesiarentzat. Osasun arazoek gure ibilbidea etetera behartu gintuzten. Pandemia tartean ere, burua altxatu ezinik ibili gara azken 4-5 urteotan». Gisa horretan hasten du Anestesiak agurra iragartzeko atzo hedabideetara bidali zuen oharra.

Bertan, gogora dakarte ‘‘Fenix’’ kontzertu bira laburra egiten «behin eta berriz» ahalegindu diren arren Imanol Beloki bateria-jotzaileak taldea uzteko erabakia hartu izanak eta taldekideen osasun arazoek bira behin betiko etetera behartu zituela. Izan ere, Mikel Kazalis taldeko abeslariak eztarriko minbizia gainditu du urteotan, eta, horrez gain, hainbatetan adierazi izan du publikoki gaixotasunari aurre egiteko agindu zizkioten botikek sortu zizkioten arazoak. 2021ean NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa batean, gordin azaldu zuen egoera; «Ospitalean minbiziarekin sartu nintzen eta, fentaniloaren erruz, jonki bat izaten atera naiz» esanez salatu zuen medikuntza kobentzionalak gaixoak artatzeko duen era.

«Gertaera hauek guztiek taldearen ibilbidea amaitzera behartzen gintuztela ematen zuen. Taldea horrela desegiteak, ordea, oso aho zapore txarrarekin uzten gintuen, eta beste saiakera bat egitea pentsatu genuen. Behintzat azken ‘Fenix’ kontzertu bira labur hartan egin ezinik utzi genituen kontzertuak berriro egiteko», nabarmentzen zuten oharrean.

Ekinaren ekinez, taldea osatzeko bateria-jotzaile berriaren bila tematu ziren, «jakinik Beloki ordezkatzea oso zaila zela», eta azkenean etxean bertan topatu zuten kide berria: «Zarautzen bertan topatu dugu danborrak gogor astinduko dituen piztia. Albixu handia da, Folk Core, Humilitate, eta Burux Lee taldeetan ibilitakoa», azaldu zuten oharrean. «Bera gurekin dela, eta taldea entsegu lokalean behar den indarrarekin ikusita, egin gabe utzi genituen bost kontzertu horiek egitea erabaki dugu», iragarri dute.

Indarberrituta, ‘‘Fenix’’ birari izena aldatu eta izen bereko abestiaren azken bi hitzak erabilita izendatu dute bira berria: ‘‘Azken heriotza’’, «ez genuelako horrela amaitu nahi 35 urteko ibilbide eder hau».

BIARRITZETIK GASTEIZERA

Zaleek hurrengo urtera arte itxaron beharko dute Anestesia oholtza gainean agurtzeko. Lehen kontzertua Biarritzeko Atabalen eskainiko dute apirilaren 6an, eta atzetik etorriko dira Donostia (apirilak 13, Doka), Atarrabia (maiatzak 11, Totem) eta Bilboko (maiatzak 25, Kafe Antzokia) kontzertuak, bira Gasteizen (ekainak 8, Jimmy Jazz) amaitzeko.

Kontzertu horiekin, hiru hamarkadako ibilbideari amaiera emango dio taldeak. Izan ere, Anestesia 1988an sortu zuten Mikel Kazalisek, Dani Aizpuruak (baxua) eta Imanol Belokik, hardcore eta thrash gordin eta azkarrari heltzeko gogoz, eta zenbait hilabete beranduago, jada gaztetxez gaztetxe kontzertuak ematen zebiltzala, atera zuten lehen maketa, ‘‘Anestesia cerebral’’ (1989). Musikari geldiezina, Anestesiaz gainera beste hainbat proiektutan aritu izan da Kazalis -Negu Gorriak eta Kuraian, esaterako- eta horrek Anestesiaren jardunean etenaldiak eragin baditu ere, bidean sei disko -‘‘Gorrotoaren ahotsa’’, 1993; ‘‘Erantzun’’, 1995; ‘‘Gu’’, 1997; ‘‘Ultra-komunikatzen’’, 2000; ‘‘Terapia’’, 2006; eta ‘‘Zirkulutik espiralera’’, 2015) eta zale zerrenda luzea utzi ditu. 2022an, ‘‘Fenix’’ abestia argitaratu zuten izen bereko bira laburrari ekingo ziotela iragartzeaz batera, baina, aurrez aipatu bezala, hura eten egin behar izan zuten. Amaierari aho zapore gozoagoa eman nahi dio Anestesiak, zaleen ondoan eta euren onena oholtza gainean utziz, ohi bezala: «Beraz, 2024. urtean kontzertu hauek egitea erabaki dugu. Zuek hor topatzea espero dugu. Milesker aldez aurretik eta laster arte!».