GARA
LAU ETA ERDIKO MASTERRA

Arrillaga eta Zabaleta ere finalerdietan dira

Miriam Arrillaga, pilota bat probatzen.
Miriam Arrillaga, pilota bat probatzen. (EMAKUME MASTER CUP)

Miriam Arrillaga eta Goiuri Zabaleta izango dira, hurrenez hurren, Leire Garai eta Amaia Aldairen arerioak abenduaren 6an Abadiñon, Matienako frontoian, jokatuko diren Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Masterraren finalerdietan. Asteburu honetan Legutio eta Arratzun jokatutako final laurdenetako azken kanporaketetan Nora Mendizabal (22-12) eta Enara Gaminde (22-19) menderatu dituzte.

Larunbatean, Legutioko kanporaketak bi zati oso desberdin izan zituen. Lehen erdi luzean, Nora Mendizabalek partida handia jokatu zuen, jokoa guztiz dominatuz eta era guztietako dejadekin tanto ugari lortuz. Miriam Arrillagaren etsipenerako, 11-3 aurreratu zen markagailuan. Hala ere, buruz buruko lehietan sakeak ikaragarrizko garrantzia duela berriz ere erakutsiz, lehen pilotakadarekin sei tanto egin zituen jarraian aginagarrak eta partida goitik behera aldatu zen. Bigarren zati horretan paperak erabat aldatu ziren, eta 2019ko txapelduna ia zuzenean joan zen 22ra. Azkenean Nora Mendizabal izan zen lur jota amaitu zuena.

Atzo Arratzun jokatutako partida ez zen atzean geratu. Bi pilotariek erabat akituta amaitu zuten ordubete baino gehiago iraun zuen lehia gogor eta ikusgarria. Kasu honetan lehen erdia ezin orekatuagoa izan zen, denera bost berdinketa ere izan baitziren: seina, zazpina, zortzina, bederatzina eta hamarna. Hortik aurrera, ordea, horma-biko ederrekin amaitutako zenbait tantorekin, Goiuri Zabaletak bost tantoko zuloa irekitzea lortu zuen, alde hori ongi kudeatzen asmatuz. Enara Gamindek gauzak oso zail jarri zizkion azken unera arte, baina garaipena Goiuri Zabaletarentzat izan zen.

BESTE MAILAK

Beste mailetan hauek izan dira asteburuko emaitzak:

Legution, pilota goxoarekin: June Agirrebeitia 18 / Uxue Gomez 7; Maddi Etxenagusia 15 / Ezki Arizti 18; Ainhize Arratibel 18 / Petra Rodriguez 4. Pilota mistoa gazteak: Eider Perez 18 / Enara Juantorena 15. Pilota mistoa promesak: Irati Betegi 9 / Alejandra Bilyak 18; Enara Anitua 2 / Amaia Arrastia 18.

Arratzun, pilota mistoa promesak: Maialen Gaston 6 / Onintza Galdos 18.