Indar feminista, patriarkatuaren zimenduak eraisteko

Egun indarrean dagoen zaintza sistemaren arrakala sakonak ikusarazteko eta eredu publiko eta komunitario bat aldarrikatzeko, estreinakoz greba orokor feminista egin dute milaka lagunek Hego Euskal Herrian. Kalera irteteko arrazoiak agerikoak eta jakinak dira, baina errepikatzea komeni da, heteropatriarkatuak ezarritako botere-harreman eta pribilegioen babesean gotortuta jarraitzen duten horiek interpelatzea ere badelako eguneroko lan horren parte. Zaintzaileen prekarizazioa, etxeko langile egoiliarren erregimena, zaintza lanen banaketa desorekatua eta egungo sistemaren izaera patriarkal, arrazista eta kapitalista salatu zituzten atzo, besteak beste.

Euskal Herriko mugimendu feministak ELA, LAB, ESK, Steilas, CNT eta CGT sindikatuen hauspoarekin antolatutako mobilizazioak erantzun zabala izan zuen kaleetan. Zaintza arloko eta etxeko langileak subjektu politiko direla aldarrikatu eta kalera atera dira langile gehiago bidera batzeko erabaki irmoarekin. Ekinean ikusi genituen goizean goiz antolatutako piketeetan, errepideak mozten, manifestazioetan... Zapiak soinean ere ikusi genituen emakume asko, lanean egonagatik ere grebarekin bat egiteko jarrera adieraziz. Hainbat sektoretan bereziki nabarmena izan zen jarraipena, hezkuntzan eta lehen arretan esaterako. Aldiz, agerian geratu ziren oraindik ere instituzioetan eta enpresa arloan dirauten erresistentziak.

Mugarri berri bat ezarri du mugimendu feministak. Zaintzaren inguruko premiazko hausnarketatik abiatuta, gizonezkoak, pribilegiodun gizabanakoak eta instituzioak interpelatzen jarraituko duen prozesua martxan da. Feminismoaren balio askatzaileak eta izaera plurala oinarri izango dituen bide bat dugu aurrez aurre. Guztioi eragiten diguna.