GARA
DONOSTIA

Bost komikigileren lanak, «Hona bostekoa!» bilduman

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioan, bost komikigilek euren lanak plazaratu dituzte ‘‘Hona bostekoa!’’ komiki-bilduman, bakoitzak bere estilo eta ahots propioarekin.

Bildumaren aurkezpena, Donostian.
Bildumaren aurkezpena, Donostian. (UDALBILTZA)

Euskal Herriko sorkuntzari bultzada eta plaza emateko asmoz sortu zuen Udalbiltzak Geuretik Sortua beka eta, bigarren edizioan, bost komikigileren lanak sustatu eta zabaldu ditu, ‘‘Hona bostekoa!’’ komiki bilduma argitaratuz.

Unai Gaztelumendi Arandia, Aritz Ibarra Agirrezabal, Kote Camacho de Miguel, Eñaut Aiartzaguena Bravo eta Iñaki Martiarena Otxotorena “Mattin” dira bekarako hautatuak izan ziren komikigileak. Udalbiltzak azaldu duenez, bakoitzak proiektuaren barruan esleitu zitzaion herrian egonaldia egin ondotik sortu du bere komikia. «Bertako istorioak entzun, ikusi eta bildu» dituzte, «ondoren euren lana herriko historiarekin lotu ahal izateko eta sortzailearen eta herriaren arteko zubi bat eraiki ahal izateko».

Komikietan Leitza, Berastegi, Bergara, Usurbil, Amasa-Villabona, Sara, Bera, Lesaka eta Urruñako istorio ezberdinak ezagutu ahalko ditu irakurleak, «bost estilo eta kontaera oso desberdinez, Euskal Herriko hainbat txokotako kontakizunak elkarrekin loturik lan bakar batean. Bildumaren azala Ainara Azpiazu ‘‘Axpi’’ ilustratzaileak egin du.

Udalbiltzak iragarri du Durangoko Azokan bilduma eskuragarri egongo dela eta abenduaren 9an, 12.00etan, ekitaldi berezia egingo dutela Durangoko Museoan, Geuretik Sortuak-en bigarren edizioaren aurkezpena egiteko. Sortzaileek eta herrietako ordezkariek bertan parte hartuko dutela aurreratu dut.

Horrez gainera, urtarrilaren 19tik aurrera komiki erakusketa zirkuituari ekingo diote: Geuretik Sortuak-en parte hartu duten herri guztietatik igaroko da erakusketa eta komikigileen sorkuntza prozesua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.