Xole ARAMENDI
DURANGO

Ahots baztertuak plazara

Mende luzez bazterrean utzi diren ahotsak literaturgintzaren plazara atera diren neurrian, Durangoko Azokak ere gizon zuri eta heterosexualen hausnarketez haragokoei lekua egin die.

«Emakume zinemagileak, desgaitasuna eta zaintzak» goiburutzat hartuta bildu dira hainbat herrialdetatik heldutako emakumeak Durangon, The Purple Meridians-en deiari erantzunez.

Topaketaren sustatzaileak eta, pantailan, Mira Sidawi idazlea.
Topaketaren sustatzaileak eta, pantailan, Mira Sidawi idazlea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Itziar Ituño (Euskal Herria), Kristina Berasain (Euskal Herria), Mira Sidawi (Palestina), Lisa Çalan (Kurdistan), Estibaliz Urresola (Euskal Herria), Lara Vilanova (Katalunia), Sevinaz Evdike (Rojava), Ahu Ozturk (Kurdistan), Claudia Tosi (Italia) eta Luciana de Mello (Argentina) izan ziren, besteak beste, The Purple Meridians-en topaketako (Meridiano Moreak) parte hartzaileak.

30 zinemagile baino gehiagoren partaidetzarekin, industria zinematografikoan dituzten oztopoen gainean eztabaidatzea zen helburua. Hirugarren edizioak Suargi GKEren, Azokaren eta euskal zinemagile talde baten laguntza izan du. Suargi elkarteko Jon Bingen Landabideak eta Alaitz Berriozabalgoitiak eta Ainhoa Olaso zinemagile eta feministak jakinarazi zituzten topaketaren amaieran hausnarketaren ondorioak. Mira Sidawi idazle palestinarra ere ekitaldian izan zen, online.

Berak zuzendutako “The Wall” filma -errefuxiatuen eremuan dauden gazte palestinarrekin egina- ikusi ahal izan zen Irudienean goizean. Sidawiren esanetan, «Trump boterera iritsi eta Israelen alde jarri zenean» erabaki zuen filma egitea. «Zelaiko krudelkerian beste errealitate bat sortzeko asmoz egin genuen. Izan ere, oso inportantea da errefuxiatuen estereotipoak apurtzea».

Badu umoretik filmak. «Protagonistek pairatzen duten mina hain da handia, ez dela film batean kabitzen. Orain egingo banu, are adierazkorragoa litzateke; une honetan bizi dugun genozidioa erakutsiko nuke». Okupatutako herrietatik, gatazkatik, hitz egitearen garrantzia nabarmendu du Olasok. «Horri ahotsa ematea eta handik kanpo elkartasun aterkia jartzea sorkuntzaren eremutik».

Arratsalde partean zaintza izan zuten mahai gainean. «Azaroaren 30eko greba feministaren aldarrien inguruen aritu gara. Eta sortzaileek zaintza lanerako dituzten zailtasunez bereziki», azaldu zuen.

ZAINTZAREN KRISIA

Izan ere, zaintza erdigunean jarri duen Euskal Herriko grebaren testuinguruan kokatzen da topagunea. «Zaintzarena oso gai inportantea da. Gure Mendebaldeko gizartean krisi ekosozialaz, krisi ekonomikoaz edo prekaritatearen krisiaz gain, zaintzarena, larria dena, dugu. Horren inguruan mamiz eta proiektuz zer esan nahi dugun pentsatzen ari da feminismoa». Lorea Agirreren hitzak dira.

Gizartea aldatuz doan heinean Azoka ere bada horren isla. Bat dator. «Feminismoari dagokionez, gero eta liburu eta proposamen gehiago aurki daitezke eta feminismoak badu bere lekua», esan zuen.

Jakinek eta Elkarrek pentsamendu feministari eskainitako Eskafandra bildumako zortzigarren alea da bisitariak Azokan aurkituko duenetako bat; Rafia Zakariak idatzi eta Amaia Apalauzak euskarara ekarritako “Feminismo zuriaren aurka” liburua, hain zuzen ere. «Feminismoa ere, beste ‘ismo’ asko bezala, zuritasunaren gainean eraikitako pentsamendu eta praktika izanik -Euskal Herrian bertan ere-, zer gogoetatua eta zer aldatua badaukagu alor horretan eta horren inguruko ekarpena egiten du liburuak».

Emakumeen aurkako bortizkeriarik ezkutukoenari jarri dio egileak fokua “Sortze berri bat” liburuan. Esperientzia intentsoa bizi izan du aurtengo Azokan. «Nire liburuetan landu ditudan gaiengatik euren esperientzia pertsonalak kontatzera hurbiltzen zait jendea, batzuetan zauria hagitz irekita», dio.

Liburuarekiko eta hainbat emakume egiten ari den lanarekiko esker on mezuak jaso ditu. «Niretzat horregatik bakarrik merezi du etortzea», aitortu du hunkituta. Bizimodu eta ikuskera desberdinak pixkanaka erdigunera ateratzen ari direlako poza agertu du. «Konturatzen naiz nire azken liburuko gaia ez dela erraza. Beti pentsatzen dugu erditu diren emakumeei bakarrik zuzendua dela, eta ez. Nahi badugu jendartea aldatu eta bazterrekoa erdigunera ekarri, eta zaintza zentroan jarri, justu liburu hau edozeinek irakurtzekoa da. Indarkeria obstetrikoa da emakumearen aurkako indarkeriarik ikusezinena eta ahalegin handia egin behar da erdian jartzen. Hain naturalizatuta dago, uste baitugu erditzea gu horrela tratatzea dela, eta gure gorputzarekin egiten den guztia egitea; ‘hor daude berriro ama hauek beraien erditzearekin bueltaka. Pasa zezaketen ja orria’ pentsatzen dutela. Ba, ez, ez dugu pasako eta berriro kontatuko dugu, ez baitu inork ikusten, ezta profesionalek ere. Ez dute nahita egiten; kontua da ez direla jabetzen indarkeria denik. Eta emakumeok gerok ere ez dakigu batzuetan egiten digutena indarkeria denik. Pentsa zenbat lan dagoen egiteko!».

Hain zuzen, medikuntzak emakumeen gorputzean eragiten duen zapalkuntza du hausnarketa-gai Katakrak argitaletxeak Azokan salgai duen liburuetako batek. Bere lerro editorialaren ardatz nagusia du feminismoa Iruñeko argitaletxeak. «Feminismoa bere zabaltasun osoan ulertuta, ez bakarrik emakumearen askapena lantzen dutenak».

Urtero hainbat liburu ateratzen dituzte. «Angela Davisen ‘Askatasuna, etengabeko borroka bat’ liburuak gure bidea markatu zuen duela zazpi urte. Silvia Federiciren bost liburu ekarri ditugu euskarara eta aurten ‘Transgresioa irakasgai’, generoak, arrazak eta klaseak topo egiten duten tokitik idatzia, daukagu, esaterako. Baita Rote Zora hiri-gerrilla feministaren gainekoa ere. Gazteleraz ere makina bat atera ditugu. Jendartean dauden kezkak elikatu eta hausnartu ditzaketen egileak ekartzen saiatzen gara, arnasa luzeko urgentziei erreparatuz. Izan ere, gai potoloak dauzkagu mahai gainean», esan du.

HAMAIKA TELEBISTAREN PODCASTA

Estitxu Fernandez eta Erika Lagomaren liburuan du jatorria Hamaika Telebistaren ikus-entzunezko podcastak. Amatasunaren nondik norakoak hamasei emakumeren testigantzen bitartez jaso ditu saioak. Lekukotasun bat jaso eta amatasunaren inguruko gai bati heltzen dio. Ainara Lopez Zarco eta Miren Lantz Solbesen gidaritzapean, amatasun feministei ahotsa eta gorputza ematen zaie.