GARA
BILBO
SOZIOMETROAREN EMAITZAK

Herritarren %33k bakarrik uste dute Lakuaren osasun-kudeaketa ona dela

Lan-merkatua eta osasungintzaren egoera dira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren aburuz, egungo arazo larrienak; Lakuak atzo kaleratu zuen Soziometroak jasotako datuek diote. Hala-holakotzat (%33) edo txartzat (%34) jotzen dute osasun arloan Iñigo Urkulluren Gobernuak egin duen kudeaketa. Etxebizitzaren esparruan egindakoa ere ez du begi onez ikusten gehiengoak.

Osasun publikoaren aldeko aldarria soinean.
Osasun publikoaren aldeko aldarria soinean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartearen lehendabiziko kezka lan-merkatuarekin lotutako arazoak dira, eta, horren ondoren, osasungintza, Lakuako Gobernuak eginiko 81. Soziometroaren arabera. Urteko hirugarren eta azken Soziometroa da atzo zabaldutakoa, eta, aurreko bietan gertatu bezala, osasungintzaren egoera bigarren arazo gisa agertzen da. Aurten arte sekula ez da horrelakorik gertatu, baina otsailean hor kokatu zenetik ez dio utzi herritarren ardura nagusien artean egoteari.

Alde horretatik, ikerketa berri honetan agerian geratu da beste behin ere osasun-sistemaren eta, zehazki, Osakidetzaren kudeaketarekiko desa- dostasuna eta kezka, nahiz eta Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez zenbait eragilek sortutako desitxuraketa den.

Aitzitik, kezkak zerrendatzean goi-goian azaltzeaz gain, beste galdera batek ere baieztatu egiten du herritarrek auzi honetan duten jarrera kritikoa. Zehazki, honako galdera dakar inkestak: «Zure iritziz, nolakoa da ondoko gaietan azken urteotan Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana?». Hiru aukera eman dira, eta hau da emaitza: %34ren iritziz, egindako lana «txarra» da; %33k «hala-holakotzat» jotzen dute eta %33ri «ona» iruditzen zaie.

Herritarren herenek soilik jotzen dute balekotzat osasungintzan egindako kudeaketa, datu adierazgarria eta bat datorrena hilabeteotan osasun-sistema publikoaren alde egin diren mobilizazioetan entzun eta ikusi denarekin.

LAU ARLOTAN BAKARRIK, GEHIENGOA ALDE

Beste esparruekin alderatuta, argi gelditzen da arlo honen kudeaketarekiko desadostasun maila handia. Izan ere, turismo arloan Lakuak egiten duena ontzat hartzen dute %72k; kulturan, %64k; memoria, bake eta bizikidetzan, %53k; euskaran, %53k; berdintasunari dagokionez, %49k; ingurumenean, %49k; gizarte ongizatean, %47k; azpiegituretan, %46k; ekonomian, %44k; herritarren segurtasunean, %44k; eta hezkuntzan, %43k. Hiru aldagaitan bakarrik da balorazioa osasungintzakoa baino okerragoa: enpleguari buruzkoan (inkestatuen %29 baino ez dago gustura), justizian (%28) eta etxebizitzan (%20).

Edonola ere, ez da nolanahiko datua, erantzun guztiak kontuan hartuta, galdetutako hamabost arlotatik lautan soilik jotzea ontzat Lakuaren kudeaketa herritarren gehiengoak. Turismoan; kulturan; memoria, bake eta bizikidetzan; eta euskaran. Osterantzeko guztietan gehiago dira kudeaketa txarra edo hala-holakoa ikusten dutenak.

Nolanahi ere, arlokako balorazioa hala moduzkoa den arren, oro har EAEko herritarrek modu positiboan baloratu dute erkidegoko egoera politikoa, eta %66k uste dute «ona edo oso ona» dela, 2021etik egonkor mantendu den portzentajea. Estatu espainoleko egoera politikoaren balorazioak «txarra edo oso txarra» izaten jarraitzen du (%68), aldi berean.

Egoera ekonomikoaren balorazioa ere positiboa da, eta %73k uste dute EAEn «ona edo oso ona» dela; aitzitik, Estatuko egoera ekonomikoa «txarra edo oso txarra» dela diote %59k. Egoera ekonomikoari buruzko balorazioa Europar Batasuneko positiboenetakoa da, eta Danimarka, Luxenburgo eta Herbehereetako herritarrek bakarrik baloratzen dute beren herrialdearen egoera ekonomikoa EAEkoek baino hobeto. Egoera ekonomiko pertsonalaren balorazioa ere positiboa da EAEko herritarren artean, eta %74k diote egoera «ona edo oso ona» dutela. Balorazio hori Europar Batasuneko herrialdeen batez bestekoa baino hobea da (%70).

Arazo nagusiei dagokienez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartearen lehenengo kezka lan-merkatuarekin lotutako arazoak dira berriz ere, maiatzean egindako aurreko neurketarekin alderatuta garrantzia galdu badute ere: Galdeka- tutako ehun lagunetik 47k aipatu dute arazo nagusien artean -pertsona bakoitzak hiru arazo aipa zitzakeen, nahi izanez gero-, eta maiatzean, berriz, 56k aipatu zuten. Esan bezala, osasungintza da gehien azaltzen den bigarren arazoa, 100etik 28k aipatu baitute, aurreko galdeketan baino batek gehiagok. Ondoren datoz etxebizitzarekin lotutako arazoak (19) eta arazo ekonomikoak (17), biak maiatzean baino portzentaje txikiagoarekin.

Kopuru apalagoetan aipatutako beste arazo batzuk dira egoera politikoa eta politikariak (%15), delinkuentzia eta segurtasunik eza (%13) eta zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura eta laguntzak (%10).

POLITIKAREKIKO INTERESA, GORANTZ

Halaber, herritarren %73k uste dute erkidegoko zerbitzu publikoak «nahiko edo oso onak» direla, eta %23k, berriz, «nahiko edo oso txarrak» direla. Gai honen balorazioari dagokionez, EAEk leku nabarmena du Europan, eta Luxenburgoko eta Herbehereetako herritarrek soilik erakusten dute euskal herritarrek baino iritzi hobea beren herrialdeko zerbitzu publikoei buruz.

Bestalde, EAEko biztanle gehienek politikarekiko «interes gutxi edo batere interesik» ez dute oraindik ere (%59), 2010etik interesak goranzko joera badu ere; orduan %20k agertzen zuten «interes handia edo nahikoa», eta portzentajea handitzen joan da egungo %41eraino. Galdeketa guztiak kontuan hartuta datu altuena da. Begikotasun politikoei behatuz, EAJ da begikotasun handiena sortzen duen alderdia, 2023an 5,2 puntuko batez bestekoa baitu 0tik 10erako eskalan; ondoren daude PSE (4,4), EH Bildu (4,2), Elkarrekin Podemos (3,7), Ciudadanos (2,0), PP (1,9) eta Vox (0,7). Lehen hiru indarrek orain arte jaso dituzten puntuazio altuenak eskuratu dituzte.

Halaber, EAEko herritarren %43 «soilik euskal herritar» edo «euskal herritar espainiar baino gehiago» sentitzen dira; %40, «euskal herritar bezain espainiar»; eta %9, «espainiar euskal herritar baino gehiago» edo «bakarrik espainiar». Bestetik, EAEko biztanleen %22 independentziaren alde daude, ñabardurarik gabe; %33 alde edo kontra leudeke egoeraren arabera; eta %37 aurka daude.